Mundua -
Berlusconiren aurkako epaiketa
Berlusconik dirua eman zion Rubyri 'prostituzioan ez erortzeko'
Italiako lehen ministroak onartu du 60.000 euro eman zizkiola negozio bat jartzeko, eta horrela "edozein beharretatik" aldendu eta "prostituzioan ez erortzeko".
Erredakzioa
Italiako lehen ministroak, Silvio Berlusconik, gaur onartu du dirua eman ziola Rubyri, adinez txikikoa zenean bere festetara joan zen marokoarrari, prostituzioan erortzea ekiditeko.
Milango Auzitegi Penalean egiten ari den Mediaset prozesuaren bigarren bista egin da gaur. "Lagundu egin nion, eta estetika zentro batean lagun batekin sartzeko aukera ere eman nion; berak hori egiteko aukera bakarra 45.000 euroko balioa duen depilatzeko laser bat eramatea zen", horixe esan die Berlusconik epaitegian zeuden kazetariei.
"Azkenean Rubyk 60.000 euro behar zituela esan zuen eta nik diru hori emateko enkargua eman nuen, edozein beharretatik aldendu eta prostituziora jotzeko beharrean ez ikusteko bere burua", gaineratu du lehen ministroak Italiako kazetari batzuei egindako deklarazioetan.
Silvio Berlusconik esan du Rubyk "historia mingarri bat" kontatu ziola eta hunkituta utzi zuela; ziurtatu du beraz, ez dela egia adingabeak prostituziora bultzatzeko akusazioa, izan ere, bere hitzetan Rubyk beti ukatu egin du sexu harremanak eduki izana.
Boterearen abusua egitea egozten dion akusazioari ere aurre egin dio lehen ministroak; Ruby lapurreta batengatik atxilotu ostean, Milango komisaria batera deitu izana leporatzen die, dei horretan Ruby aske uzteko eskatu omen zuen ministroak, orduan Egiptoko presidentea zenaren, Hosni Mubaraken, iloba zela neska ziurtatuz.
"Ni oso atsegina naiz eta informazioa eskatu nuen gertakari diplomatiko bat eragin zezakeen egoera bat gerta zitekeelako" esan du lehen ministroak.