Mundua -

Boli Kosta

Gbagbo epaituko dutela iragarri du Ouattarak

Adiskidetze eta bake batzorde bat sortuko dutela iragarri du Boli Kostako presidenteak, azken urteetan herrialdean izandako sarraski eta krimen guztiak argitzeko.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Laurent Gbagboren aurkako prozedura judiziala abian jarri dutela iragarri du Alassane Ouattara Boli Kostako presidenteak, eta gaur atxilotutako agintari ohia "tratu duina jaso eta eskubide guztiak errespetatuko" dizkiotela azaldu du.

Hitzaldian, adiskidetze eta bake batzorde bat sortuko dutela iragarri du Ouattarak, azken urteetan herrialdean izandako sarraski eta krimen guztiak argitzeko. Gbagbo presidente ohiaren, Simone haren emaztearen eta atxilotuta diren lagun guztien eskubideak bermatzeko neurriak hartu dituztela ziurtatu du.

Atxiloketa

Alassane Ouattara Boli Kostako presidentetzarako hautagaiaren bozeramaileak, Affoussy Bambak, Reuters albiste agentziari jakinarazi dionez, Laurent Gbagbo atxilotu dute.

Frantziak Boli Kostan duen enbaxadak albistea baieztatu du, France 24 telebista kateak jakinarazi duenez. Telebista kateak aipatu duenez, Ouattararen indarrek atxilotu dute, ez Frantziak.

Toussaint Alain Gbagboren aholkulariak Frantzian Reuters albiste agentziari jakinarazi dionez, Frantziako indar armatuak presidentearen etxean sartu dira, eta Gbagbo matxinoen esku utzi dute.

Laurent Gbagbo presidente ohiaren aldeko indarren burua NBErekin harremanetan jarri da armak uzteko, Alain Le Roy Nazio Batuen Erakundeko bake misioen zuzendariaren hitzetan.

Errendizioa

Telebistan egindako adierazpenean borrokaldien amaiera eskatu du Gbagbok. TCI telebistan egindako agerraldi laburrean, istiluekin amaitzeko dei egin die bere jarraitzaileei Gbagbok. Adierazpena behin betiko errendioziotzat jo dute. "Borrokarekin amaitzeko dei egiten dut", adierazi du Gbagbok.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea