Mundua -
Damascon eta Deraan
Gutxienez 88 lagun hil dira Siriako liskarretan
Segurtasun-indarrek benetazko balak eta gas negar-eragilea jaurti dute. Ekintzaileak era koordinatuan ari dira manifestatzen herrialdeko hainbat lekutan, demokrazia aldarrikatzeko.
Erredakzioa
Gutxienez 88 pertsona hil dira Siriako hainbat hiritan Bachar al Asaden erregimenaren kontrako protestetan, arabiar kateen eta oposizioaren iturrien arabera.
Homs hirian izan dira biktima gehien, 14 pertsona hil dira bertan, eta Izraa herrian (hegoaldean) 11 pertsona hil dira, Al Yazira telebista katearen arabera.
Beste zortzi hildako aurkitu dituzte Douma auzoan, Damascoren inguraldean, eta hiru gehiago Mohadamian (hiriburuan).
Dozenaka izan dira zaurituak Siriako hainbat lekutan. Eta Deraako (Izraatik gertu) biztanle batek Al Yazira telebistari esan dion arabera, segurtasun indarrek eta zibilez jantzitako agenteek zaurituak artatzeko atera nahi diren ospitaleko anbulantzien irteera eragozten ari dira.
Balak eta gas negar-eragilea
Siriako segurtasun-indarrek benetazko balak eta gas negar-eragilea jaurti dute demokrazia eskatzeko xedez Midan barrutian elkartu diren milaka manifestariak sakabanatzeko, adierazi dute hainbat lekuko.
Halaber, milaka pertsona Deraako kaleetara atera dira Bashar al Assaden erregimenarekin amaitzeko helburuz. "Segurtasun indarrek gas negar-eragilea jaurti dute", adierazi dio lekuko batek Reuters agentziari. "2.000 manifestari inguru daude eta orain batu egin dira", gaineratu du. Ekintzaileak era koordinatuan ari dira manifestatzen herrialdeko hainbat lekutan, demokrazia aldarrikatzeko eta Baaz alderdia legez kanpo geratzea eskatzeko.
Bachar al Asad Siriako presidenteak Larrialdi Legea (1963az geroztik indarrean) bertan behera uzteko "egitasmo" bat onartu zuen atzo, Siriako telebistak jakinarazi duenez.
Bestalde, Estatuko Segurtasunerako Auzitegi Gorena deuseztatzea eta protesta baketsuak egiteko eskubidea bermatzen duen legea babestea onartu du presidenteak. Siriako oposizioaren eskakizun nagusia Larrialdi Egoera bertan behera uztea zen.