Mundua -
Suntsitutako guneak
Japoniako Gobernuak 33.000 milioi euro emango ditu berreraikuntzarako
Lehen aurrekontu horren atzetik bigarren bat espero da eta, adituen arabera, hirugarren bat ere.
Erredakzioa
Japoniako Gobernuak lau bilioi yeneko (33.000 milioi euro baino gehiago) lehen aurrekontu extra bat onartu du lurrikarak eta tsunamiak, martxoaren 11an, suntsitutako guneen berreraikuntzaren lehen fasea finantzatzeko.
Aurrekontua Parlamentuan hilaren 28an aurkezteko asmoa dute, eta maiatzaren 2an onartzea, Kyodo agentziaren arabera.
Richter eskalan 9 graduko lurrikarak eta ondorengo tsunamiak Miyagi, Fukushima eta Iwate probintziak kaltetu zituzten batez ere, eta 14.133 hildako eta 13.346 zauritu utzi zituzten, poliziaren azken zenbatzearen arabera.
Aurrekontuaren zatirik handiena, 1,2 bilioi yen (10.000 milioi euro), herri lanak egiteko izango da; besteak beste, errepideak eta portuak berreraikitzeko eta nekazaritza alorrak lehengoratzeko.
Beste 363.000 milioi yen (3.050 milioi euro) behin-behineko etxebizitzak eraikitzeko erabiliko dira, eta 352.000 milioi yen (2.958 milioi euro) II. Mundu Gerratik Japonian izandako hondamendirik handienak utzitako tona hondakin guztiak kentzeko.
Horrez gain, 49.000 milioi yen (411 milioi euro) kaltetuentzako kalte-ordainak ordaintzeko izango dira, eta beste 510.000 milioi yen (4.286 milioi euro) kaltetutako guneko enpresa txikiak bermatzeko.
Lehen aurrekontu horren atzetik bigarren bat espero da eta, adituen arabera, hirugarren bat ere. Eta Kabineteak gaur onartu duenarekin bat, 10 bilioi yen (84.000 milioi euro) izango dira guztira.