Mundua -

Europar Batasuna

EBko kargu berriak izendatzeko prozesua hasi dute estatuetako buruek

Europar Batasuneko buruzagiak goi-bilera informal batean bildu dira izendapen berriak adosten hasteko. Europako Batzordeko presidentetza da horietako bat. Parlamentuak onartu behar du izendapena.

Goi bilera informala EBn.
Goi bilera informala EBn.
Goi bilera informala EBn.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europar Batasuneko estatuetako buruek hasiera eman diote Bruselan kargu nagusi berriak izendatzeko prozesuari, goi-bilera informal batean. Europako Batzordea, Europar Kontseilua, Europako Parlamentua eta Europako Banku Zentrala bezalako erakundeak, Europako hauteskundeen ostean, nork zuzenduko dituen eztabaidatuko dute.

Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak hautagai nagusiaren alde egin du Batzordeko presidentea izateko. Kasu honetan, Manfred Weber Europako Alderdi Popularreko buruaren alde egin du.

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak, bestalde, EBko gobernu sozialistek beren hautagai nagusia babestuko dutela esan du. Frans Timmermans herbeheretarra da hautagai sozialdemokrata, eta Sanchezen iritziz, bere familia politikotik kanpo ere babesa lortuko du.

Emmanuel Macron Frantziako presidenteak ez ditu izenak aipatu nahi izan, baina esan du "eskarmentua eta sinesgarritasuna" dituzten pertsonak behar direla.

"Lehenengo aldiz Europako Parlamentua existitzen denetik, ez dago bi alderdiko gehiengorik eta, beraz, beste zerbait, Europako herriak hautatu duena ordezkatuko duen proiektu berri bat eraikitzeko beharra dago", esan du politikari liberalak.

Liberalak hirugarren bozkatuenak izan ziren Europako Parlamentuko hauteskundeetan. Oraingoan, popularrek eta sozialdemokratek ez dute lortu gehiengo osoa bi taldeen arteko batuketaren bidez.

Kargua hartzeko, Europako Batzordeok hurrengo presidenteak EBko buruzagien gehiengo kalifikatu indartuaren babesa behar du (gutxienez EBren biztanlegoaren % 65 duten 21 estatu) eta Parlamentuko gehiengo osoa (751 eserlekuetatik 376).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europar Batasuna Brusela Europako hauteskundeak emaitzak Europako hauteskundeak Angela Merkel Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak Emmanuel Macron