Mundua -

Hondamendiaren 25. urtemuga

Segurtasun nuklearrerako arau berriak eskatu ditu Errusiak Txernobylen

Herritarrei egia esan behar zaiela irakatsi zien gobernuei historiako istripu nuklear larrienak, Dimitri Medvedev Errusiako presidenteak adierazi duenez.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Dimitri Medvedev Errusiako presidenteak Txernobyleko (Ukraina) zentral nuklearra bisitatu du gaur, erreaktorearen leherketak eragindako istripu larria duela 25 urte jazo baitzen. Zentral nuklearren segurtasuna bermatzeko nazioarteko arau berriak onartzea eskatu du Medvedevek bertan.

Viktor Yanukovich Ukrainako presidentea zeremonian izan da. Herritarrei egia esan behar zaiela irakatsi zien gobernuei historiako istripu nuklear larrienak, Errusiako presidenteak adierazi duenez.

Hitz horiekin errua Sobietar Batasunak (Ukraina Estatu horren parte zen 1986an) izan zuela onartu du nolabait Medvedevek, izan ere, ezbeharraren larritasuna onartzeko zenbait egun behar izan zituen Estatu komunistak.

"Estatu baten betebeharra herritarrei egia kontatzea da. Estatuak ez zuen beti behar bezala jokatu", onartu du Errusiako presidenteak.

Japonian, Fukushima-1 zentral nuklearrak eragindako krisia kontrolatzen saiatzen ari dira, iragan hilabeteko lurrikara eta tsunamiaren ostean. Kremlineko buruzagiak adierazi duenez, bertan gertatutakoak, Txernobyleko istripua bezalaxe, energia nuklearra segurtasunez erabiltzeko arau berriak ezarri behar direla demostratzen du.

Sarkofago berria

Bestalde, 1986an lehertutako erreaktorea estaltzeko, sarkofago berria eraikitzen laguntzeko 550 milioi euroko diru-laguntza adostu zuen nazioarteak iragan astean. Izan ere, behin-behineko sarkofagotik erradiazioa ihes egiten hasi da.

Protestak

Ezbeharraren urtemugarekin bat hainbat protesta egin dituzte Europako herrialde ezberdinetan. 120.000 bat lagunek protesta egin dute Alemaniako 80 tokitan, Grohndeko erreaktorean batez ere (20.000 lagun). Vienan 700 bat lagunek egin zuten manifestaldia atzo, eta hainbat ekitaldi antolatu dituzte gaurko.

Errumanian, dozenaka lagun bildu dira Gobernuak hiriburuan dituen eraikuntzen aurrean, Danubio ibaiaren alboan (Cernavoda) eraiki nahi dituzten erreaktore berrian aurka protesta egiteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea