Mundua -

Egipto

Mohamed Mursi Egiptoko presidente ohia hil da bere aukako epaiketa batean

Mursi hil egin dutela salatu du Anaia Musulmanak talde politikoak, eta kalera ateratzeko deia luzatu die bere jarraitzaileei.

Mohamed Mursi Egiptoko presidente ohia, kartzelan. Artxiboko argazkia: EFE
Mohamed Mursi Egiptoko presidente ohia, kartzelan.
Mohamed Mursi Egiptoko presidente ohia, kartzelan. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mohamed Mursi Egiptoko presidente ohia hil da astelehen honetan, bere aurkako epaiketa batean, Egiptoko telebista publikoak jakinarazi duenez. Oraingoz ez dute xehetasun gehiagorik eman.

2012an iritsi zen Gobernura, Egiptoko lehendabiziko hauteskunde presidentzialak irabazita. Alabaina, urtebete geroago boteretik kendu zuten estatu-kolpe baten bidez.

2013ko uztailetik preso egon da eta harrezkero hainbat epaiketa izan ditu. Gaurkoan, Qatarri mesede egiteko espioitza auziaren baitan deklaratu behar izan du.

Ezustean konortea galdu duela eta handik gutxira hil egin dela esan dute.

Poliziak Kairon duen akademian ari ziren egiten epaiketa. Helikopteroan eramaten zuten espetxetik haraino.

Mursik 67 urte zituen eta azken urteotan bere osasun egoerak okerrera egin du.

Familiak eta giza eskubideen aldeko hainbat erakundek salatu izan dutenez, isolamenduan zegoen eta bisitak galarazita zituen. Amnistia Internazionalaren arabera, 2013an kartzelatu zutenetik hiru bisita baino ez ditu izan.

Anaia Musulmunarentzat hilketa izan da

Anaia Musulmanak talde politikoak salatu du Mursiren heriotza "hilketa" izan dela eta bere jarraitzaileei hiletan parte hartzeko deia luzatu die.

Halaber, Egiptok munduko herrialdeetan dituen enbaxaden aurrean elkarretaratzeak egiteko eskatu die atzerrian dauden jarraitzaileei.

Askatasuna eta Justizia alderdiak ere salatu du Mursiren heriotza eta gertakari horren atzean Egiptoko agintariak daudela esan du. "Isolamenduan jarri zuten, medikazioa ukatu zioten eta janari nazkagarria eman diote; eskubiderik oinarrizkoenak ere ez zizkioten errespetatuta; pentsatutako eta astiro-astiro gauzatutako hilketa izan da", salatu du.

Aipatu bi talde politikoak legez kanpo dauden Egipton.

Bestalde, Human Rights Watch eta Amnistia Internazionala bezalako erakundeek Mursiren heriotza argitzeko ikerketa independente bat abiaraztea eskatu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Afrika Nazioartea Epaiketak bideoak Eguneko albisteak Albisteak Egipto Espioitza Ekialde Hurbila gaur