Mundua -

ERRESKATEAK MEDITERRANEOAN

Carola Racketerekin zer egin gaur erabakiko du Italiako justiziak

Frantziak eta Alemaniak gogor kritikatu dute Sea-Whatcheko kapitainaren atxiloketa. Frantziak, Alemaniak, Finlandiak, Luxenburgok eta Portugalek hartuko dituzte Lampedusan lehorreratutako etorkinak.

Carola Rackete Sea Whatch ontziko kapitaina. Argazkia: EFE
Carola Rackete Sea Whatch ontziko kapitaina.
Carola Rackete Sea Whatch ontziko kapitaina. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Open Arms ontziak 55 etorkin erreskatatu zituen atzo, tartean lau ume eta hiru emakume haurdun, Libiatik zetorren ontzi batean. Horietako 11 Lampedusara eraman zituzten Italiako erreskate zerbitzuek, eta besteak, Siziliara. Radio Euskadik gobernuz kanpoko erakunde horretako kide batekin baieztatu zuenez, ontzia Maltako uretan aurkitu zuten, Lampedusatik gertu, eta horregatik deitu zioten Italiako itsas salbamenduari eta horiek eskoltatu zituzten migratzaileak Lampedusara.

Hain zuzen ere, Lampedusa tentsio gune izan da azken orduetan. Carola Rackete Sea-Watch gobernuz kanpoko erakundeko kapitaina atxilotu egin zuten larunbat goizaldean, 17 egun lehenago erreskatatu zituzten 40 migratzaile bertara eramateagatik, han lehorreratzeko baimenik ez izan arren.

Matteo Salvini Italiako Barne ministroak "gaizkile" izatea leporatu zion Racketeri, eta gobernuz kanpoko erakundeei (Open Armsi, besteak beste), mehatxu egin zien, gauza bera gertatuko zitzaiela Italiako uretan sartuz gero.

Sare sozialetan elkartasun uholdea izan da Racketerekin eta Europako hainbat agintarik ere txalotu dute hark egindakoa. Frantziako Barne ministro Christophe Castanerrek salatu duenez, "portuak ixtea itsasoko Zuzenbidea urratzea da", eta Luxenburgoko Atzerri Gaietarako buruak ere hausnarketa bat egin du: "Bizitzak salbatzea betebehar bat da, eta ezin da inoiz delitua edo krimena izan; ez egitea, berriz, bai".

Lampedusan lehorreratutako etorkinak Frantziak (13 pertsona), Alemaniak (10), Finlandiak (8), Luxenburgok eta Portugalek (gainerakoak) hartuko dituzte.

Carole Racketeri dagokionez, asteartea baino lehen audientzia bat egingo dute atxilotzeko agindua berresteko, eta galdekatu egingo dute. Salviniren hitzetan, aske uzten badute, berehala kanporatuko dute Italiatik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Migrazioa Europa Eguneko albisteak Albisteak Siriar errefuxiatuak Europan Italia Errefuxiatuak Malta Eskubide unibertsalak GKEen albisteak