Mundua -

The Guardian kazetaren arabera

NATOk ez zituen Lampedusako itsasoan galdutako 61 etorkinak salbatu

Britainia Handiko egunkariak salatu duenez, Europako unitate militarrek ez zien kasurik egin sorospen deiei. NATOk jakitera eman duenez, "informazioa egiaztatuko du".

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europako unitateek eta NATOk Joan den martxoan Lampedusako itsasoan galdutako 61 etorkin afrikarrak erreskatatu ez zituela salatu du The Guardian egunkariak. Honen aburuz, itsasontziak sorospen deiak bidali zizkion itsasoko guardiari eta helikoptero eta NATOko gerra itsasontzi batekin harremanetan sartzea lortu zuen baina hala eta guztiz ere, laguntza eskaerari muzin egin zioten.

72 bidaiari (emakumeak, haurrak eta errefuxiatu politikoak barne) zeramatzan itsasontziak matxura bat izan zuen martxoaren amaieran, Tripoliko portua utzi ostean eta Lampedusa irla italiarrarako noranzkoan.

Bidaiari guztietatik bakarrik 11 lagun atera ziren bizirik, 16 egun itsasoan noraezean ibili ondoren. "Goizero, esnatzean, gorpu gehiago aurkitzen genituen eta 24 orduz itsasontzian mantendu ostean, itsasora botatzen genituen", azaldu dio The Guardian egunkariari Abu Kurkek bizia salbatu zuenetako batek.

Nazioarteko itsas zuzenbideak itsasontzi guztien sorospen deiei kasurik egitea behartzen du, ontzi militarrak barne.

NATOk "informazioa egiaztatuko du"

NATOk, berriz, gertakaria ikertuko duela eman du jakitera. Erakundearen bozeramaile batek adierazi duenez, "informazioa egiaztatzen saiatzen ari gara". Honen aburuz, Aliantzako ontzi guztiek badakite "itsasoan bizitzak babestu behar dutela".

Horren harian, martxoaren amaieran Aliantza Atlantikoaren ontziek Libiatik zetozen eta 200 bidaiai inguru zeramatzaten bi itsasontzien etorkinak erreskatatu zituztela gogoratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea