Mundua -
The Guardianen salaketa
Lampedusako etorkinen laguntza deiari muzin egin ziola ukatu du NATOK
Aliantza Atlantikoaren bozeramaile batek jakitera eman duenez, "zonaldean ez zegoen NATOko ontzirik". Etorkinen itsasontziaren hondoratzearen ondorioz, 61 lagun hil ziren.
Erredakzioa
Aliantza Atlantikoaren ontzi batek Afrikako etorkinak zeramatzan itsasontzi baten sorospen deiari muzin egin ziola ukatu dute NATOk eta Frantziak. "Zonaldean ez zegoen NATOko ontzirik", baieztatu du Carmen Romero NATOko bozeramaileak, gertakariaren inguruan informazioa bildu ostean. "Data haietan itsas handian zebilen ontzi bakarra Italiako Garibaldi hegazkin-ontzia izan zen", zehaztu du Romerok, "baina itsasoko ehun bat miliatara zegoen eta ez zuen ezer ikusi". "NATOko hegazkin-ontzi batek etorkinen itsasontzia aurkitu eta ez ikusiarena egin zuela esatea hanka-sartze bat da", azpimarratu du.
Gertakaria argitu nahian dabil NATO, The Guardian Britainia Handiko egunkariak argitaratutako salaketaren ondorioz. Kazeta honek zabaldu duenez, Afrikako etorkinak zeramatzan itsasontziak sorospen deiak bidali zizkion itsasoko guardiari eta NATOko gerra itsasontzi batekin harremanetan sartzea lortu zuen baina hala eta guztiz ere, laguntza eskaerari ez zioten jaramonik egin.
72 bidaiari (emakumeak, haurrak eta errefuxiatu politikoak barne) zeramatzan itsasontziak matxura bat izan zuen martxoaren amaieran, Tripoliko portua utzi ostean eta Lampedusa irla italiarrarako noranzkoan.
Bidaiari guztietatik bakarrik 11 lagun atera ziren bizirik, 16 egun itsasoan noraezean ibili ondoren. "Goizero, esnatzean, gorpu gehiago aurkitzen genituen eta 24 orduz itsasontzian mantendu ostean, itsasora botatzen genituen", azaldu dio The Guardian egunkariari Abu Kurkek bizia salbatu zuenetako batek.
Nazioarteko itsas zuzenbideak itsasontzi guztien sorospen deiei kasurik egitea behartzen du, ontzi militarrak barne.
Frantziak ere gezurtatu egin du
Charles de Gaulle hegazkin-ontziak hondoratutako ontziari laguntza ukatu zionik gezurtatu du Frantziak. Charles de Gaulle "ez zegoen zonan", Thierry Burkhard Estatu Nagusiko bozeramaileak azaldu duenez.