Mundua -

Emakumeen aurkako indarkeria

Milaka emakumek justizia eskatu dute Mexikoko polizien bortxaketen aurrean

Uztailetik, Mexiko Hiriko polizia agenteek egindako hiru bortxaketa kasu ezagutu dira.

Protesta feminista Mexiko Hirian. Argazkia: EFE
Protesta feminista Mexiko Hirian.
Protesta feminista Mexiko Hirian. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Milaka emakumek justizia eskatu dute Mexiko Hirian, poliziek egindako sexu erasoen aurrean. Protestetan hiri-altzariak suntsitu dituzte.

Elkarretaratzean, feminista talde desberdinek manifestuak irakurri eta pankarta handiak erakutsi dituzte, eta indarkeria matxistaren kontra dantza egin dute.

Batzuek su txikiak piztu dituzte bularretakoekin, eta beste batzuek Ez dugu ahazten ezta barkatzen ere leloa idatzi dituzte estatuetan eta lurzoruan.

"Emakume guztiak etengabeko arriskuan bizi gara, agintariek delinkuentzia antolatuak bezainbeste beldurra eragiten digu, eta izututa gaude herrialde honetan bizitzearekin", irakurri dute manifestu batean.

Tentsio handieneko momentuak manifestariek plazatik irten eta inguruetan manifestazioa egitea erabaki dutenean iritsi dira. "Behera patriarkatua, gora feminismoa" bezalako oihuak bota dituzte.

Zenbait manifestarik garraio publikoaren geltokiko kristalak, txartelak erosteko makinak eta kartelak apurtu dituzte.

Gero, zenbait polizia-etxera joan dira, eta objektu goriak bota dituzte, agenteen kontrako mezuak oihukatuz.

Emakume batek megafonoa erabili du atxilotutako manifestarien askatzea eskatzeko.

Polizien hiru bortxaketa

Astelehenetik berotu da manifestazioaren giroa. 300 bat emakumek protesta egin zuten polizien sexu abusuen aurrean justizia eskatzeko.

Uztailaren 10ean eta abuztuaren 3an eta 8an Mexiko Hiriko polizia agenteek egindako hiru bortxaketaren berri izan zen. Horietako bat adingabea zen.

Asteleheneko martxa hiriburuko Fiskaltzaren egoitzaren aurrean bukatu zen. Bertan, manifestariek kristal bat apurtu zuten eta pintaketak egin zituzten, Jesus Orta Segurtasun Publikoko ministroaren aurka.

Gero, Claudia Sheinbaum Mexiko Hiriko Gobernuko buruak esan zuen protesta "ez zela manifestazio bat izan, baizik eta probokazioa", eta ostiraleko martxarako giroa berotu zuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Indarkeria matxista Mexiko Eguneko albisteak Albisteak Feminismoa Sexu erasoak