Mundua -
ALBANIA
Espainiako turista batzuei eraso egin zien albaniarraren jatetxea eraitsi dute
Turista espainiarrek zazpi plater eskatu zituzten eta horietako bi bertan behera uztean, jatetxeko jabea haserre atera zen horien atzetik.
agentziak | Erredakzioa
Espainiako bikote bati eraso egin zien Albaniako jatetxeko jabea espetxean sartu dute eta jatetxea eraisten hasi dira asteazken honetan.
Mihal Kokedhima "Panorma" jatetxeko jabeak Eugenio Galdon ONO konpainiakoa sortzaile eta enpresari ezagunaren senitartekoei eraso egin zien.
Antza, espainiarrek zazpi plater eskatu zituzten bazkaltzeko, baina bi bertan behera uztea erabaki zutenean, Kokedhima haserre horien atzetik atera zen. Espainiako turistak alokatutako ibilgailuan sartu ziren, baina Kokedhima kapotaren gainean igo eta automobilaren haizetakoa txikitzen saiatu zen.
Familiak berak grabatutako bideoan jatetxeko jabea bere onetatik aterata eta garrasika ikus daiteke. Ibilgailuaren gidariak, bikotekideak alokatutako txofer albaniar bat, aurrera jarraitzen du hamar minutuz Kokedhima kapotaren gainean igota.
Liskarraren ostean Kokedhima atxilotu zuten, larderia, kalteak nahita eragitea eta jabetza hondatzea egotzita.
Jatetxeak 2.000 metro karratuko azalera dauka, baina ez du sukaldaritzan aritzeko baimenik; gainera, hondartzako zati bat ere baimenik gabe erabiltzen zuela esan dute agintariek, bertan Kokedhimak hamakak alokatzen baitzituen lizentzia izan ez arren.
"Panorma" Porto Palermoko badian zegoen jatetxe bakarra zen.