Mundua -
Obamaren proposamena
Netanyahuk dio ezin direla 67ko mugak aldarrikatu
Israelgo lehen ministroa Obamarekin bilduko da gaur eta argi adieraziko dio "errefuxiatu palestinarrak Israelgo mugetatik kanpo ez badaude, Palestinari lurraldeak emateak" ez duela bakea ekarriko.
Erredakzioa
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak esan du 1967ko mugak ezin direla aldarrikatu eta Barack Obama AEBetako presidenteari (bakerako oinarri gisa aurkeztu zituen atzo muga horiek) Israelen lurrak erretiratzearen kontrako konpromisoa berresteko eskatu dio.
"Obamak estatubatuarrek 2004an Israeli hitz emandako konpromisoak berretsiko dituela espero du Netanyahuk, bi ganberetan babes osoa jaso zuten konpromisoak direlako. Besteak beste, 1967ko mugetara itzuli beharrik ez izatea aipatzen zen konpromiso horietan, izan ere, Judeako eta Samariako (Zisjordania) hiriguneak kanpoan geratuko lirateke", adierazi du Israelek agiri batean.
Konpromiso horietan azaltzen denez, "Israelek Estatu judu gisa duen ongizatea bermatuko dute AEBek eta errefuxiatu palestinarrak etorkizuneko Estatu palestinarrean kokatuko dira, Israelen izan beharrean". Izan ere, "errefuxiatu palestinarrak Israelgo mugetatik kanpo geratzen ez badira, lurraldeak emateak ez du bakea ekarriko".
Netanyahu Obamarekin bilduko da gaur AEBetan eta joan aurretik Obamak "bakearekiko duen konpromisoa estimatzen" duela azpimarratu du, baina argi utziz "Estatu palestinarraren bideragarritasunak" ezin duela "Estatu juduaren bideragarritasuna" kaltetu.