Mundua -
Veracruz
Gutxienez 25 pertsona hil dira Mexikon, taberna baten kontra egindako eraso batean
Molotov koktelekin egindako erasoa Coatzacoalcos udalerrian jazo da, Veracruz estatuan. Agintariek erasoan parte hartu zuen susmagarri bat identifikatu dute.
Agentziak | Erredakzioa
Gutxienez 25 pertsona hil eta beste hamahiru zauritu dira Mexikoko Coatzacoalcos udalerrian (Veracruz estatuan), astearte gauean taberna baten kontra egindako eraso batean. Gaizkileek molotov koktelak jaurti zituzten, eta taberna barruan sute bat piztu zen. Tokiko hedabideek jakitera eman dutenez, agintariek erasoan parte hartu zuen susmagarri bat identifikatu dute dagoeneko.
“Larrialdiko irteerako ateak itxi zituzten eta tabernari su eman zioten. Oso tristea da”, salatu du Andres Manuel Lopez Obrador Mexikoko presidenteak asteazken honetan. Hala, gertatutakoa “tamalgarria” dela gaineratu du.
Bestalde, Cuitlahuac Garcia Veracruzeko gobernadoreak Twitterren jakinarazi duenez, Caballo Blanco tabernaren kontra egindako erasoaren egileetako bat identifikatu dute jada. Susmagarrietako bat Ricardo N. ‘la loca’ da, aurrekariak dituena. “Veracruzeko indar armatuek uztailean atxilotu zuten eta Fiskaltzak 48 ordu baino gutxiagoan askatu zuen”, azaldu du Garciak.
Testuinguru horretan, Lopez Obradorrek esan du “arazo bat” dagoela, eta, horregatik, Veracruzko fiskalaren jokabidea ikertzeko eskatu du. Hala, fiskal nagusiari eraso hau bere gain hartzeko eskatu dio.
"Delinkuentzia antolatua modu honetan jokatzea tamalgarria da", berretsi du agintariak, eta "autoritateekin ezkutupeko akordioak egotea" ere "gaitzesgarria" dela gaineratu du.