Mundua -

Amerikako Estatu Batuak

Dorian urakana Floridara hurbiltzen ari da, 4. kategorian

Bestalde, Donald Trumpek bertan behera utzi du Poloniara egitekoa zuen bidaia ofiziala, Dorian urakanaren mehatxuaren aurrean. Astelehenean iritsiko da Floridara.

Puerto Ricon neurri bereziak hartu dituzte urakanaren etorreraren aurrean. Artxiboko argazkia: EFE
Puerto Ricon neurri bereziak hartu dituzte.
Puerto Ricon neurri bereziak hartu dituzte urakanaren etorreraren aurrean. Artxiboko argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Dorian urakanak indarra hartzen jarraitzen du, 110 milia orduko haize-boladekin (175 km/h), eta ostiral honetan kategoria handiagoko zikloi bihur liteke, Floridara hurbiltzen den bitartean.

Ameriketako Estatu Batuetako Urakanen Zentroak (NHC, ingelesezko sigletan) jakinarazi duenez, bost kategoria dituen Saffir-Simpson eskalan, 4. kategoriako “oso urakan arriskutsu bat da" Dorian une honetan. Eskala horrek neurtzen dituen gehienezko haizeak 140 milia ordukoak dira (120 km/h).

08:00etako buletinean (12:00ak Euskal Herrian), Estatu Batuetako Urakanen Zentroak adierazi du Dorian ipar-mendebaldeko noranzkoan aurrera doala, eta urakan handiago bilakatzea espero da. Horrenbestez, “oso urakan arriskutsua izango da asteburuan".

Estatu Batuetako meteorologia agentziak zehaztu duenez, Bahametako hego-ekialdetik 255 milia (410 km) ingurura dago zikloia, eta artxipelago horren ipar-mendebaldetik, 505 miliara (815 km).

Floridak larrialdi egoera ezarri du estatu osoan, izan ere, datozen egunetan uholdeak, haize bolada zakarrak eta itsaso nahasia espero dira urakan horren eraginez.

Dorian, NHCren arabera, Ozeano Atlantikoaren inguruan ibiliko da ostiral honetan, Bahamen erdigunetik hego-ekialdera, baina larunbatean uhartedi honen ipar-mendebaldera hurbilduko da. Gauzak horrela, Bahametako ipar-mendebaldean lur hartuko du igandean.

Arrazoi horregatik, euri-jasa handiak espero dira Bahametan eta Ameriketako Estatu Batuetako hego-ekialdeko herrietan. Gainera, baliteke hainbat tokitan "bat-bateko uholdeak” sortzea.

Ekainean hasi zen urakanen denboraldiari dagokionez, aurten beste lau ekaitz tropikal izan dira: Chantal, Andrea, Erin eta Barry, hain zuzen ere. Azken hori, urakan bihurtu zen Louisianan lurra jo baino pixka bat lehenago. Dena dela, ez zen inor hil.

Dorian urakana

Dorian urakana Floridara hurbiltzen ari da. Argazkia: EFE

Trumpek bertan behera utzi du Poloniara egitekoa zuen bidaia

Bestalde, Donald Trump Amerikako Estatu Batuetako presidenteak, bertan behera utzi du Poloniara egitekoa zuen bidaia ofiziala, Dorian urakanaren mehatxua dela eta. Izan ere, asteburuan lurra jo dezake Floridan, 4. mailako urakan bat bezala.

"Oso gauza garrantzitsua da, eta hemen egon behar naiz. Ekaitza oso handia izango dela dirudi", adierazi du Trumpek, Etxe Zurian egindako ekitaldi batean. Testuinguru horretan, “Gobernu federalaren baliabide guztiak” Dorianen etorrerari aurre egiteko prestaketetara bideratu dituztela azpimarratu du.

Halaber, Ron DeSantis Floridako gobernadoreak larrialdi egoera ezarri du estatu osoan, aurreikuspenek okerrera egin dutela ikusita. "Bere indarra handitu ahala, ekaitz honek etxebizitzetan, negozioetan eta eraikinetan kalte larriak eragiteko gaitasuna izango du, eta, beraz, herritar guztiei adi egoteko eskatzen diet. Ez itxaron plan bat egiteko beranduegi izan arte", azpimarratu du gobernadoreak.

dORIAN

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak argazkiak Alerta meteorologikoak Eguneko albisteak Albisteak Donald Trump Urakanak Zer gertatu da gaur Varsovian?