Mundua -

Hauteskundeak Alemanian

AfD alderdi ultraeskuindarra bigarren indarra bihurtu da Saxonian eta Brandenburgon

Bereziki nabarmentzekoa da hauteskunde hauetan izandako parte-hartze altua, 2014an baino askoz ere handiagoa izan baita.

Herritar bat botoa ematen. Argazkia: EFE
AfD alderdi ultraeskuindarra bigarren indarra bihurtu da Saxonian eta Brandenburgon
Herritar bat botoa ematen. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alemaniarentzat Alternatiba (AfD) alderdi ultraeskuindarra bigarren indar politikoa bihurtu da Brandenburgo eta Saxonia eskualdeetako parlamentuetan, igande honetan egindako hauteskundeetako lehen emaitzen arabera.

Saxonian, Angela Merkel kantzilerra buru duen Batasun Kristau Demokrata (CDU) izan da alderdi bozkatuena: botoen % 32,5 lortu ditu, 2014an baino zazpi puntu gutxiago. Bigarren indarra AfD alderdia izan da, botoen % 27,8rekin (aurreko hauteskundeetan baino ia 20 puntu gehiago). Hirugarren indarra Ezkerreko Alderdia da, botoen % 10,1 lortuta (duela bost urte baino zortzi puntu gutxiago); ondoren, Berdeak (% 8,4) eta Alderdi Sozialdemokrata historikoa (SPD, % 7,8) daude.

Brandenburgon, berriz, SPD alderdi sozialdemokrata izan da lehen aukera, botoen % 26,1 lortuta (aurreko hauteskundeetan baino bost puntu gutxiago). Bigarren indarra CDU izan da, botoen % 15,7 bereganatu baititu (2014an baino zortzi puntu gutxiago). Ondoren, Ezkerreko Alderdia (% 10,7, duela bost urte baino zazpi puntu gutxiago) eta Berdeak (% 10,6 eta aurrekoan baino lau puntu gehiago) daude, hurrenez hurren.

Horrela, SPDk eskualdeko parlamentuko 88 eserlekuetatik 25 eskuratuko lituzke, AfDk 23 eta CDUk 15. Berdeek eta Ezkerreko Alderdiak 10 ordezkari izango lituzkete bakoitzak, eta Hautesle Libreak osatzen dutenek, 5. Datu horiekin, baliteke SPDK, Berdeek eta Ezkerreko Alderdiak koalizio-gobernua osatzea, elkarrekin 45 ordezkari baitituzte.

Bereziki nabarmentzekoa da hauteskunde hauetan izandako parte-hartze altua, 2014an baino askoz ere handiagoa izan baita. Saxonian, hautesleen % 65ek eman dute botoa, duela bost urte baino % 39 gehiago; Brandenburgon, berriz, % 60,5era iritsi da parte-hartzea (2014an % 47,9koa izan zen).

Dena dela, maiatzean izandako Europako hauteskundetan edota duela bi urteko Parlamentu federalerako hauteskundeetan (Saxonian hautesleen % 75,4k bozkatu zuten, eta Brandenburgon, % 73,7k) ere igandean bezalako parte-hartzea altua egon zen.

"Oso pozik nago emaitzekin, baina AfD ez da oraindik lehen indarra", adierazi du Alexander Gauland AfDko buruak lehen datuen berri izan ostean. "Gure lana hasi berria da", nabarmendu du bere aldetik Joerg Meuthenek, AfDko ordezkariak, eta bere alderdia ez dela ez erradikala ez eskuin muturrekoa nabarmendu du.

AfDko beste buruzagi batzuek "egun historiko" honetan lortutako emaitza "arrakastatsuak" azpimarratu dituzte, eta aurrerantzean euren ikuspuntua kontuan izan gabe gainerako alderdiek ezingo dutela politika egin nabarmendu dute. Andreas Kalbitz Brandenburgon AfDk duen zerrendaburuak adierazi duenez, bere alderdia "geratzeko" etorri da.

Bien bitartean, Lars Klingbeil SPDko idazkari nagusiak zuzendaritza federalaren erantzukizuna onartu du, eta AfD eta CDUren arteko "polarizazioa" nabarmendu du. "Honakoa da honetaz ikas dezakeguna: herritarrei interesatzen zaizkien gaietan jarrera argia eta arreta behar da", azaldu du Brandenburgon bere alderdiak lortutako garaipenari aipamen eginez.

Bestalde, Hans-Georg Maassen CDUko kideak bere alderdiaren "porrot gogorra" onartu du Saxonian egindako agerraldian. "Saxonian, botoen % 32 lortu ditu CDUk, baina botoen % 56 lortu zituen duela 20 urte", gogoratu du. Brandenburgon lortutako emaitza, berriz, "tamalgarritzat" jo du, zuzenean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Nazioartea Europa Alemania Angela Merkel Alderdi politikoak Eguneko albisteak Albisteak Hauteskundeak Alemania Eskuin muturreko mugimenduak