Mundua -

Islandian

Islandiako aireportu nagusiak martxan jarri dituzte gauean

Aditu gehienen arabera, ez dira iaz Eyjafjallajoekull sumendiaren erupzioak eragindako kalteak errepikatuko; orduan, aire-zirkulazioa gelditu zen Europan, zenbait astez.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Islandiako agintariek jakinarazi dutenez, gauean hasi dira berriro martxan Keflavik nazioarteko aireportua, Islandiako aireportu nagusia, eta Reykjavikekoa; atzo aireportu bi horiek itxi behar izan zituzten, sumendiaren errauts hodeiak direla eta.

Grimsvotn sumendiaren erupzioa larunbatean hasi zen, eta ordutik etengabe bota ditu errautsak; gaur 6.000 eta 10.000 metroko altuerara heldu da errauts hodeia; lehenengo egunean hartu zuen altueraren erdia da hori, Islandiako agintarien arabera.

Atzo errauts prezipitazioak Reykjavikera eta ia herrialde osora heldu ziren, baina gaur sumendiaren gainean dagoen Vatnajoekull glaziarraren hegoaldean eta hego-mendebaldean erori dira batik bat indarrez, eta, indar txikiagoz, Islandiako hego-mendebaldean.

Danimarkako aire-nabigazioa zuzentzen duen estatu erakundeak (Naviair) gauerdira arte luzatu du aire-zirkulazioaren itxiera Groenlandiako ekialdeko eremu txiki batean.

Aditu gehienen arabera, ez dira iaz Eyjafjallajoekull sumendiaren erupzioak eragindako kalteak errepikatuko; orduan, aire-zirkulazioa gelditu zen Europan, zenbait astez.

Grimsvotn sumendiaren ondorioak txikiak izango dira; izan ere, haizea egokia da eta errautsak lodiagoak dira, eta, hortaz, haizeak urrun zabaltzeko zailagoak. Gainera, sumendi horretako erupzioak laburrak izan ohi dira.

Grimsvotn sumendia Islandiako sumendirik aktiboena da; 2004an izan zuen azken erupzioa, eta sei egun iraun zuen.

Geologoek Grimsvotn sumendiak aurten erupzioa izango zuela iragarri zuten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea