Mundua -
Aireko kaosaren beldur
Europa, Islandiako Grimsvotn sumendiaren errautsei adi
Islandiako aire eremuak itxita jarraitzen du. Adituen arabera zaila da airean anabasa gertatzea, baina hegazkin konpainia batzuek laino zabaldu daitekeela ohartarazi dute.
Erredakzioa
Islandiako aireportu nagusiak itxita jarraitzen du Grímsvtn sumendiaren erupzioaren eraginez. Europako lurraldeak bitartean, errautsen lainoari adi jarraitzen dute.
Adituen arabera zaila da orain hilabete batzuk, beste sumendi islandiar baten erupzioagatik piztu zen kaosa errepikatzea, baina hegazkin konpainia batzuek lainoa zabaldu daitekeela ohartarazi dute.
Islandia hegoaldera eta ekialdera zabaldu dira gehien sumendiaren errautsak. Egunak gaua dirudi eta lainoa Reikiavik hiribururantz zabaltzen ari da orain. Islandiako aire zibileko arduradunak atzo iragarri zuen gaur astelehena lurraldeko aire eremuak itxita jarraituko zuela.
Grimsvotn sumendia Vatnajokull glaziarraren behekaldean dago, Europako handiena da. Errautsak glaziarraren helgoaldeko guneak estali ditu eta eguzkia irten ezinik egon da zenbait orduz.
Eurocontrolek, aireko trafikoa zuzentzen duen erakundeak, errautsak hegoaldereantza zabaldu daitezkeela iragarri zuen webgunean. "Lainoa gaur Eskoziaraino heltzea espero zela iragarri zuen. Eta sumendiaren jarduerak bere horretan jarraitzen badu ostegunean Frantzia eta Espainia alderaino ailegatuko zela azaldu zuen.
Islandiako meteorologia agentziaren arabera, sumenditik irteten den kea ez da lehen orduetan bezain indartsua, hasiera batean 25 kilometroko altuera hartu zuen. "Gauean hamar kilometrotaik behera egonkor mantendu da", adierazi du erakundeko ordezkari batek, baina errautsak norantza guztietan zabaltzen ari direla ohartarazi du haizea dela eta.