Mundua -
Suizidioa ala heriotza?
Salvador Allende hilobitik atera dute, bere heriotza argitu nahian
Zabaldutako bertsioak dioenez, Txileko presidenteak bere buruaz beste egin zuen baina hipotesi hura, egun, zalantzan jarri dute. Allende 1973ean hil zen, Pinochetek estatu kolpea eman eta gero.
Erredakzioa
Salvador Allende Txileko presidentearen gorpua hilobitik atera dute astelehen honetan, Santiagoko Hilerri Nagusian, bere heriotzaren zioa argitzeko asmoz. Allende 1973eko irailaren 11an hil zen, Augusto Pinochetek estatu kolpea eman ostean.
Gehiengo batek onartutako bertsioaren arabera, Allendek bere buruaz beste egin zuen baina hipotesi hori zalantza jartzen duen zenbait zantzu aurkitu dituzte. Zabaldu berri diren hipotesiek diotenez, baliteke Allende hil izana edo hurbileko laguntzaile batek bere buruaz beste egiten laguntzea.
Apelazio Auzitegiko Mario Carroza epaiak agindu zuen Allende bere hilobitik ateratzea, Legezko Zerbitzu Medikuaren txosten bat jaso ostean. Txosten honen arabera, "kontraesanak" daude diktadurak egindako autopsia ofizialen eta Poliziak heriotzaren lekuan egindako azterketen artean.
Allenderen gorpua Legezko Zerbitzu Medikuaren egoitzara eraman dute eta bertan azterketak egiten hasiko dira.
Hilobitik atera dutenean, Allenderen zenbait senitarteko izan dira bertan tartean, Isabel Allende alaba eta senatari socialista, Carmen Paz beste alaba eta Txileko hainbat politikari. Prozesua amaitu eta gero, familiaren "poza" azaldu du Isabel Allendek, "1973ko irailaren 11an jazotakoa benetan argitzeko emandako aurrerapausu handiak direla eta".
Ikerkuntzan parte hartuko duen Francisco Etxeverria tanatologo espainiarraren arabera, "hilabeteko kontua" izango da Allenderen heriotzaren zergatia argitzea. Hori dela eta, aferan lagunduko duten atzerriko adituek euren herrialdeetara ermango dituzte Allenderen gorpuzkiak, bertan aztertu ditzaten.