Mundua -
Agintari britainiarren arabera
Islandiako sumendia lokartu egin da
Errauts-lainoa desegiten hasi da eta ez die EAEko eta Nafarroako aireportuei eragiten. Britainia Handian bere onera etortzen hasi dira hegaldiak, baina Alemanian hainbat aireportu itxi dituzte.
Erredakzioa
Egunotan Europa iparraldeko aire zirkulazioa aztoratu duen Islandiako Grimsvtn sumendiaren erupzioa amaitu egin da, Brtainia Handiko meteorologia zerbitzuek jakinarazi dutenez.
Grimsvtn aurreko larunbatean piztu zen, eta orain lurruna besterik ez du isurtzen, aipatu iturrien arabera.
Aireportuak itxita
Islandiako Grimsvoetn sumendiak isuritako errauts-lainoak Alemaniako aire zirkulazioa nahastu du gaur. Berlingo, Bremengo eta Hamburgeko aireportuak itxi egin behar izan dituzte eta ondorioz, ehunka hegaldi bertan behera geratu dira eta bidaiari askok lurrean geratu behar izan dute.
Berlingo Schönefeld eta Tegel aireportuak 11:00etan itxi dituzte eta halaxe egongo dira 19:00ak arte.
Horren aurretik, Bremengo aireportua, 05:00etan, eta Hamburgekoa ,06:00etan, itxi dituzte. Hala ere, gauean errauts-lainoak Alemania iparraldea atzean utziko duela edo lainoa bera desegingo dela espero dute.
Alemania hegoaldeko aireportu nagusiak, Düsseldorf, Fracfort eta Munich, ez dituzte itxiko, lainoa urrun geratu baitzaie eta iparraldetik soilik igaroko baita.
Lufthansa Europako aire konpainia handienak iragarri du aireportuen itxierak aurreikusitako 2.000 hegaldietako 150i eragingo diela. Air Berlinen kasuan, aldiz, 70 hegaldi geratuko dira aireportutik irten ezinda.
Hala ere, Alemaniako aireportuen itxierak ez die hango bidaiariei soilik eragingo, baizik eta aireportu horiek helburu zituzten gainerakoei ere bai.
Alemaniako agintariek adierazi dute datozen orduetan bere onera itzuliko dela aireko zirkulazioa.
Britainia Handiko hegaldiak, bere onera itzulita
Britainia Handian zerbitzua eskaintzen duten aire-konpainia gehienek zerbitzua berrezarri dute gaur atzo, errauts lainoarengatik, 500dik gora hegaldi bertan behera utzi ondoren.
Nats Erresuma Batuko aireko kontrol konpainiak azaldu duenez, lainoa desegin da dagoeneko.
Facua
Hegaldirik egingo ez duten bidaiariei txartelen, gastu gehigarrien, errekarguen eta tasen dirua eskatzeko gomendatu die Facuak agiri batean. Airelineek diru hori itzultzeari uko eginez gero irregulartasun hori Sustapen Ministerioaren Aire Segurtasuneko Estatu Agentziari jakinarazteko deia ere egin die, gainera.
Hegaldiak bertan behera gelditzen badira eta bidaiariek ordezko hegaldiren bat hartzea erabakitzen badute, konpainiei janaria, edaria eta, beharrezkoa izanez gero, ostatua emateko eskatzeko eskubidea dutela ere ekarri du Facuak gogora.
Hartara, erostako janari eta edarien, eta hotel guztien fakturak eta txartelak gordetzeko gomendatu du Facuak.
Zerbitzuak bidaia agentzien bidez kontratatu badira, horiei erreklamatu behar zaie zuzenean.
Hegaldiak bertan behera gelditzeko arrazoiak ezinbesteko kasuak direnez, erabiltzaileek ezin dituzte EBko araudiak ezartzen dituen 125 eta 600 euro bitarteko ordainak eskatu.