Mundua -

Jomugak

Klima-aldaketa eta ekonomia izango dira Europako Batzordearen lehentasunak

Kanpo-politika eta "ordenatutako" immigrazioa ere daude helburuen artean, Ursula von der Leyen Europako Batzordearen hurrengo presidenteak zehaztu duenez.

Ursula von der Leyen alemaniarra izango da Batzordeko hurrengo presidentea. Argazkia: EFE.
Ursula von der Leyen alemaniarra izango da Batzordeko hurrengo presidentea. Argazkia: EFE.
Ursula von der Leyen alemaniarra izango da Batzordeko hurrengo presidentea. Argazkia: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hurrengo Europako Batzordeak hiru arlo nagusi izango ditu euskarri, erakundeko presidente berria izango den Ursula von der Leyenek astearte honetan azaldu duenez; hain zuzen ere, kanpo-politika, klima-aldaketaren aurkako borroka eta ekonomia digitala izango dira hiru euskarri horiek.

Von der Leyenek, prentsaurrekoan, bere taldea nortzuek osatuko duten eman du jakitera; zortzi presidenteorde arituko dira talde horretan, tartean egun Espainiako Gobernuaren Atzerri eta Kooperazio jarduneko ministro Josep Borrell; Europar Batasuneko Kanpo Politikaren goi-ordezkaria izango da Borrell.

Von der Leyenek argi utzi du nahi duela hurrengo Batzordea geopolitikoa izatea, bai eta alde asko kontuan izan beharko dituela ere; presidente berriaren asmoa da azken hori bereziki zaintzea.

"Badakigu indartsuagoak garela elkarrekin eginez bakarrean egiterik ez dugun hori", esan du alemaniar politikak; Von der Leyenek azpimarratu duenez, "ordenatutako" immigrazioa ere izango da hurrengo urteotako jomugetako bat.

Orain arteko Europako Batzordean ere dauden hiru kide "presidenteorde exekutiboak" izango dira hemendik aurrerakoan: Frans Timmermans holandarrak ingurumen-politika koordinatuko du; Margrethe Vestager danimarkarrak agenda digitala gainbegiratuko du; eta Valdis Dombrovskis letoniarrak arlo ekonomikoa zuzenduko du.

Borrellekin batera, beste presidenteorde batzuek ere egingo dute lan; Vera Jourova txekiarrak (egun Justizia komisarioa da), alde batetik, "Baloreak eta Gardetasuna"ren gaineko politikak hartuko ditu bere gain; Margaritis Schinas greziarra, bestetik, "Europar Bizimoduaren Babesa" arloaz arduratuko da.

Egun Batzordeko kidea ere den Marcos Sefcovic eslovakiarrak "Erakunde Harremanak" bereganatuko du, eta Dubravka Suica kroaziarrak "Demokrazia eta Demografia" hartuko du.

Orain arte Nekazaritzan arduradun ibili den Phil Hogan irlandarrak ere izango du erantzukizuna arlo batean, merkataritzan hain zuzen ere; bere herrialdean lehen ministro eta Atzerri ministro izandako Paolo Gentiloni italiarrak, berriz, "Ekonomia" hartuko du bere gain.

Johannes Hahn austriarrak aurrekontuaren arloa bereganatuko du (orain arte hainbat aldiz komisarioa izan da), eta Didier Reynders belgiarrak "Justizia" hartuko du (une honetan, jarduneko ministro dabil, Atzerri ministro hain zuzen ere).

Sylvie Goulard frantziarrak industria-politikaren eta merkatu digital bakarraren arloak hartuko ditu, eta Nicolas Schmit luxemburgarra "Enplegua"z arduratuko da.

Jutta Urpilainen finlandiarrak "Nazioarteko Elkarteak" arloa bereganatuko du, eta Laszlo Trocsanyi hungariarrak, bere aldetik, "Auzotasuna eta Hedapena" zuzenduko du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea EB Zer ari da gertatzen Europan? Eguneko albisteak Albisteak