Mundua -
FRANTZIA
Asanblea Nazionaleko presidentearen aurkako ikerketa ireki dute, ustelkeriagatik
Hala ere, Richard Ferrandek ez du dimititzeko asmorik. Halaber, Emmanuel Macron Frantziako presidentearen babesa jaso du.
AGENTZIAK
Frantziako justiziak Richard Ferrand Asanblea Nazionaleko presidentearen aurkako ikerketa abiatu du, ustelkeriagatik. Zehazki, 2011n, Bretainian osasun aseguruen elkarte bateko buru zela egindako operazio susmagarri batekin lotu dute. Hala ere, Richard Ferrandek ez du dimititzeko asmorik. Halaber, Emmanuel Macron Frantziako presidentearen babesa jaso du.
Richard Ferrand Emmanuel Macronen gertukoa denak ohar bidez jakinarazi duenez, instrukzioa daramaten magistratuen erabakia "prozedurazko neurria" izan da. Ferranden hitzetan, defendatzeko aukera izango du. Halaber, ziur dago oraingoan ere artxibatu egingo dutela auzia.
Bestalde, Jerome Karsenti ustelkeriaren aurkako Anticor elkarteko abokatuak azpimarratu duenez, Richard Ferrandek dimititu egin beharko luke. Anticor elkartea akusazio partikular gisa aurkeztu da auzian.
Atzo, epailearen aurrean deklaratu behar izan zuen Ferrandek. Auzitegia ikertzen ari da ea deliturik egin ote zue Mutuelles de Bretagne osasun aseguruen elkarteko zuzendari zela bere bikotekidearenak ziren bulego lokal komertzial batzuk alokatzeko baimena eman zuenean.
Auzi honi lotutako lehen kontuak 2017an atera ziren argitara eta orduan Lurralde Kohesioko ministro zen Richard Ferrandek dimisioa eman zuen. 2017ko urrian auzia artxibatu zuten, baina Anticorren salaketa baten harira, berriro zabaldu zuten 2018an.