Mundua -

ISRAEL

Hauteskunde eguna dute Israelen, Netanyahuren inguruko erreferendum bihurtu dena

Bost hilabetean bigarren aldiz, hauteskunde orokorrak egingo dituzte Israelen. Inkestek alde estua iragartzen duten Netanyahu lehen ministroaren alderdiaren eta Urdina eta Zuria koalizioaren artean.

Israeldar bat botoa ematen. Argazkia: EFE
Israeldar bat botoa ematen
Parte hartzeak gora egin du Netanyahuren etorkizun politikoa jokoan den bozketan

1:34

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Israelen 07:00etan zabaldu dituzte hauteslekuak, Euskal Herrian 06:00ak zirenean, herrialdean gaur egiten ari diren hauteskunde orokorrak direla eta. Bost hilabete baino ez dira igaro herrialdean hauteskunde orokorrak egin zituztenetik, baina orduko hartan garaile izan zen Benjamin Netanyahuk ez zuen gobernua osatzea lortu. Beraz, berriro ere Netanyahuren inguruko erreferendum bihurtuko dira bozak.

Inkestek berdinketa iragartzen dute Netanyahu lehen ministroaren Likud alderdiaren eta Benny Gantz Armadako buruzagi ohia buru duen Urdina eta Zuria koalizio zentristaren artean.

Guztira, 6,3 milioi herritarrek dute botoa emateko eskubidea 22:00ak arte. Herritarrek Parlamentuko hautagaiak aukeratzen dituzte,ez lehen ministroa, eta gero alderdiei dagokie gobernu eraketa bideratzea. Gobernua osatzeko ezintasunak eraginda, Netanyahuk hauteskundeak deitzea erabaki zuen.

Inkesten arabera, Netanyahuren Likud alderdiak 32 eserleku eskuratuko ditu, gehiengo absolututik urrun (61 eserleku). Hala ere, alderdi ultraortodoxoekin eta eskuinekoekin egindako aliantzari esker gehiengo absolutura gerturatuko litzateke. Bigarren tokian, Benny Gantz Armadako buruzagi ohia buru duen Urdina eta Zuria koalizioa legoke, 32 eserlekurekin. Apirileko hauteskundeetan biek ala biek 35na ordezkari lortu zituzten.

Gauzak horrela, litekeena da gobernagarritasunaren giltza Avigdor Lieberman Defentsa ministro ohiaren Yisrael Beitenu alderdiaren esku egotea. Inkestek igoera nabarmena aurreikusten diote, 5 ordezkaritik 10era igaroko litzateke. Liebermanek aurreratu duenez, ez du Netanyahuren balizko gobernurik babestuko.

Benjamin Netanyahu da inoiz Israelgo lehen ministro karguan denbora gehien egin duen agintaria. 1990eko hamarkadan hiru urteko agintaldia egin zuen eta 2009tik gobernuburua da. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Israel albisteak azken ordukoa Palestina azken orduko albisteak Netanyahu, Israelgo lehen ministroa Hauteskundeak gaur