Mundua -
Serbiako Justiziaren arabera
Mladic Jugoslavia ohirako auzitegira estradita dezaketela ebatzi dute
Erabaki horrekin, Mladicen estradizio prozesua hasi da, baina astebete ere iraun dezake prozesu horrek, Serbiako legeek diotenez.
Erredakzioa
Serbiako Justiziak gaur ziurtatu duenez, Ratko Mladic ustezko gerra kriminala Jugoslavia zeneko Gaietarako Nazioarteko Zigor Auzitegira estraditatzeko baldintzak betetzen dira.
Belgradeko Auzitegiko gerra kriminalen saileko bozeramaile baten hitzetan, Mladicen aurkako karguak Jugoslavia zeneko Gaietarako Nazioarteko Zigor Auzitegiak epaitu behar ditu.
Erabaki horrekin, Mladicen estradizio prozesua hasi da, baina astebete ere iraun dezake prozesu horrek, Serbiako legeek diotenez.
Mladicen defentsak hiru eguneko epea dauka estradizioaren kontrako helegitea jartzeko, eta Kontseilu judizialak beste hainbeste egun izango ditu behin betiko erabakia hartzeko. Mladic Belgradeko Auzitegian egongo da, estradizioa egiteko baldintza guztiak betetzen diren arte. Bosniako serbiarren buruzagi militar ohiari Bosniako gerran (1992-1995) genozidioa eta beste krimen batzuk egitea leporatzen diote. Atzo atxilotu zuten, senide baten etxean, Lazarevon, ia 16 urtez ihes eginda egon ostean.
Osasun egoeraren zain
Ratko Mladic (Srebrenicako harakina) ustezko gerra kriminalaren galdeketa gaur jarraituko dute, bere osasun egoerak ahalbidetzen badu, RTS telebista publikoak Belgraden iragarri duenez. Mladic ostegunean atxilotu zuen Serbiako Poliziak.
Serbiako Fiskaltzaren arabera, lehen galdeketa militar ohiak ustez osasun arazoak zituelako geldiarazi zuten; antza denez, Mladicek arazoak izan zituen epailearekin eta fiskalekin komunikatzeko.
Hala ere, Mlaicek esan zuen ez duela Jugoslavia zeneko gaietarako nazioarteko zigor auzitegia aintzat hartzen.