Mundua -

Gerra Sirian

Trumpek argi berdea eman dio Turkiari Siriako kurduei erasotzeko

Siria iparraldean dauden kurduen aurkako erasoaldia abiatuko duela iragarri du Turkiak. Testuinguru horretan, Donald Trumpek tropa estatubatuarrak Siriatik erretiratzea erabaki du.

Donald Trump. Argazkia: EFE
Donald Trump.
Siria iparraldetik tropak erretiratzeko agindu du Trumpek

1:36

EFE

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donald Trumpek baieztatu egin du Ameriketako Estatu Batuetako tropak Siria iparraldetik ateratzeko erabakia hartu duela, "amaierarik gabeko gerra irrigarrietatik ateratzeko ordua delako".

Turkiako Armadak Siria iparraldean dauden miliziano kurduen aurka erasoaldi militarra abiatuko duela iragarri ondotik iritsi da Trumpen erabakia.

"Bada garaia amaierarik gabeko gerra irrigarrietatik erretiratzeko eta gure soldaduak etxera ekartzeko", idatzi du Twitter sare sozialean.

"Gure onerako bada, edonon borrokatuko gara, eta irabazteko soilik egingo dugu borroka. Turkiak, Europak, Siriak, Iranek, Irakek, Errusiak eta kurduek konpondu beharko dute hango egoera, eta Estatu Islamikoak atzemandako soldaduekin zer egin nahi duten erabaki beharko dute", erantsi du.

Trumpek bart iragarri zuen AEBko tropak Siria iparraldetik erretiratzea erabaki duela eta gaur berretsi egin du. Sirian dauden miliziano kurduen aurkako erasoaldi militarra berehalako dela ematen du, eta Washingtonek ez du eraso horretan nahasi nahi.

Etxe Zuriak atzo gauean ohar bidez jakinarazi zuenez, Trumpek Recep Tayyip Erdoganekin telefonoz hitz egin zuen bere erabakiaren berri zuzenean emateko.

"Estatu Batuetako tropek ez dira operazio militar horretan sartuko; Estatu Islamikoaren kalifa-herria menpean hartuta, gure tropak handik erretiratuko dira", adierazi zuen Etxe Zuriak.

Asteburuan, Erdoganek ohartarazi zuen Estatu Batuen zain egoteko pazientzia agortu egin zaiola Turkiari eta, ondorioz, Siriako kurduen aurkako erasoaldi militarra “berehalakoa” dela.

Turkiak akabatu nahi dituen miliziano kurduak Ameriketako Estatu Batuen aliatuak dira Estatu Islamikoaren kontrako borrokan, baina Ankarako Gobernuarentzat "terroristak" dira Kurdistango Langileen Alderdiarekin lotuta daudelako.

Gauzak horrela, Trumpek esan du Turkiako ekonomia suntsituko duela, herrialde horrek Siria iparraldean gehiegikeriak egiten baditu.

"Berriro esango dut. Nire jakituria handiaren arabera, Turkiak neurriz kanpo dagoen erasoaldia egin duela uste badut, herrialde horretako ekonomia erabat suntsituko dut", esan du Twitter bidez.

Alderdi Errepublikanoko hainbat ordezkarik uste dute AEBko tropak Siriatik erretiratzeko Trumpek hartutako erabakia okerra dela eta atzera egiteko eskatu diote.  

Bestalde, AEBk ez dute argitu soldaduen erretiratzea nola eta noiz gauzatuko duten.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gerra Siria Ameriketako Estatu Batuak Eguneko albisteak Albisteak Turkia Donald Trump Zer ari da gertatzen Sirian? Zer gertatzen ari da Ekialde Hurbilean?