Mundua -
Erresuma Batua
Gizon bat atxilotu dute Manchesterren bost pertsona sastatzea leporatuta
Terrorismoaren aurkako Erresuma Batuko Poliziak erasoaren nondik norakoak argitzeko ikerketa abiatu du. Antza, erasotzailea 40 urteko gizon bat da. Manchesterreko Poliziak "terrorismoa" egotzi dio.
Agentziak
Terrorismoaren aurkako Erresuma Batuko Polizia Manchesterreko merkatalgune batean gertatutako erasoa ikertzen ari da: bost pertsona zauritu dira eta ospitalera eraman dituzte.
Antza, erasotzailea 40 urteko gizon bat da. Manchesterreko Poliziak "terrorismoa" egotzi dio.
Erasoaren nondik norakoak argitzeko lanean ari da Polizia, baita erasotzailearen "arrazoiak" ezagutzeko ere. Lekukoen arabera, gizona The Arndale Centre merkatalgunean satu da labana batekin eta hainbat lagun zauritu ditu.
Merkatalguneko bezeroak irtenarazi ditu Poliziak eta hainbat kale itxi eta beste hainbat zerbitzu bertan behera gelditu dira.
Poliziak patruilak areagotu ditu Ingalaterrako hirian, eta asteburuan zehar alerta mantenduko du; hala ere, "jendea lasaitzeko" neurria dela azpimarratu du.
"Mehatxu handiago bat dagoenik ez dugu uste oraingoz, eta bihar goizean hiria normaltasunera itzultzea espero dugu", adierazi du Russ Jackson Poliziako buruzagiaren ondokoak.
Bestalde, Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroa "gertakariarekin hunkituta" agertu da.
"Nire pentsamenduak zauritu guztiekin daude", esan du gobernuburuak Twitter sare sozialean. Era berean, larrialdi zerbitzuen lan "paregabea" eskertu du Johnsonek.