Mundua -
Ekuador
Lenin Morenok etxeratzeko agindua ezarri du Quiton
Quitoko metropoli-barrutian "militarizazioa" ezarri du Ekuadorreko presidenteak. Honenbestez, kaleetan ibili ahal izateko baimena ezinbestekoa izango da.
Agentziak | Erredakzioa
Quitoko metropoli-barrutian "etxeratzeko agindua" eta"militarizazioa" ezarri ditu Lenin Moreno Ekuadorreko presidenteak, segurtasun indarrei laguntzeko. Horrela, erregaien prezioen igoeraren aurkako protestak gelditzeko asmoa du buruzagiak.
Honenbestez, kaleetan ibili ahal izateko baimena ezinbestekoa izango da militarizazio baldintzetan.
Mugimendu indigenaren protestak areagotu egin dira azken orduetan. Manifestariek Quito hiriko kaleak hartu dituzte martxa eta piketeen bidez. Aldi berean, milaka militantek segurtasun indarren aurka borroka egin dute hiriko erdialdean.
Horrela, hiria geldiaraztea lortu dute errepideak blokeatuz.
Gezurra badirudi ere, Conaie Ekuadorreko Indigenen Konfederazioak presidentearekin negoziatzeko erabakia hartu du larunbat honetan.
Hasiera batean elkarrizketari ezezko irmoa eman diote indigenek, Morenok erregaien diru-laguntzak berriz ezarri ezean, baina "komunitate, erakunde, herri eta elkarteei galdetu ondoren" jarrera aldatu du Conaiek, agiri batean azaldu dutenez.
Dagoeneko protestek hamar egun bete dituzte Ekuadorren, presidenteak erregaiak erosteko diru-laguntzak ezabatzeko dekretua sinatu ondoren.