Mundua -
PROTESTAK EKUADORREN
Quito erdialdea blokeatu dute, beste enfrentamendu egun batean
Hiriaren zentro kolonialerako sarrera guztiak ixtea lortu dute indigenek, eta, ondorioz, erdialdea ia erabat setiatuta utzi dute. Produktu eskasia eragin du horrek merkatuetan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ekuadorko Poliziak eta erregaien prezioen igoeragatik protestan ari den mugimendu indigenak enfrentamenduak izan dituzte berriz ere larunbat honetan Quiton, bezperako istiluen jarraipen modura. Gutxienez bederatzi lagun zauritu dira eta hiriaren erdialdea blokeatuta geratu da.
Bestalde, Lenin Moreno presidenteak egindako elkarrizketarako eskaintza onartu du mugimendu indigenak. Nahiz eta hasiera batean Morenorekin hitz egitea errefusatu, presidentearekin hitz egiteko prest agertu da Conaie Ekuadorreko Indigenen Konfederazioa agiri batean.
El Arbolito parkearen inguruan izan dira istiluak, azken egunotan Quitora iritsi diren Ekuadorko Nazionalitate Indigenen Konfederazioko milaka kide bilduta dauden inguruan, hain zuzen ere. Herriaren Defentsarako erakundeak jada 850 zauritu kontatu ditu urriaren 3an protestak hasi zirenetik eta horiei gaurko bederatziak gehitu behar zaizkie. Gainera, jada lau pertsona hil dituzte eta 1.000 baino gehiago atxilotu.
Ostiralean elkarrizketarako deia egin zien Lenin Moreno presidenteak eta gaur asanblada indigena egitea aurreikusten zen toki horretan. Barrikadekin esnatu da, ordea, inguru hori. Ondoren, hiriaren zentro kolonialerako ia sarrera guztiak ixtea lortu dute indigenek, eta, ondorioz, erdialdea erabat setiatuta utzi dute. Zaila da, beraz, hiriaren iparraldea eta hegoaldea konektatzea eta, horren ondorioz, produktu eskasia egon da merkatuetan.
Errepide nagusien blokeoak ere aurrera jarraitzen du herrialdea osoan eta arazoak daude elikagaiak sei probintziatara iristeko (Carchi, Imbabura, Cotopaxi, Tungurahua, Chimborazo eta Azuay).
Ekoizleen Elkarteak atzo ohartarazi zuenez, egoerak "elikagaien segurtasunari eragin" dio, esne sektoreari, batez ere.
Riobamban (Chimborazoko hiriburua) gasolina eta etxeetan erabiltzen den gasa gutxitzen ari da.
Cotacachin (Imbabura) akordio batera iritsi dira manifestariekin merkatua goizez ordu batzuetan irekita izateko, eta Cuencan (Azuay) oinarrizko gaiak zeramatzan konboiak sartzea lortu zuen atzo.
Tenan (Napoko hiriburua -Amazonia-), berriz, manifestazio handia espero dute arratsalderako.