Mundua -

Ekuadorko protestak

Ekuadorko erreformak bertan behera uzteko akordioa lortu dute Gobernuak eta indigenek

Hala, erregaiei dirulaguntzak kentzeko 883 dekretua indargabetzea adostu dute, eta, ondorioz, amaitutzat eman dituzte azken egunetako protestak. Batzorde bat sortu dute dekretu berria lantzeko.

Ekuadorko Gobernuaren eta indigenen arteko bilera. Argazkia: EFE
Ekuadorko Gobernuaren eta indigenen arteko bilera. Argazkia: EFE
Ekuadorko Gobernuaren eta indigenen arteko bilera. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ekuadorko Gobernuak eta indigenek erregaiei dirulaguntzak kentzeko 883 dekretua indargabetzea adostu dute, eta, ondorioz, amaitutzat eman dituzte azken egunetako protestak. Horrela, Nazioarteko Diru Funtsarekin (NDF) adostutako erreforma ekonomikoa bertan behera utzi du Lenin Moreno Ekuadorko presidenteak.

"Elkarrizketaren ondorioz, 883 dekretuaren ordez beste dekretu bat ezartzea adostu da, eta dekretu berri hori landuko duen batzorde bat sortu da", iragarri du Arnaud Peral Nazio Batuen Erakundeak Ekuadorren duen koordinatzaileak, bi aldeek hainbat orduz Quito kanpoaldean hitz egin ondoren.

Elkarrizketetan parte hartu duten mugimendu indigenako ordezkariek eta Gobernuak osatuko dute batzordea, Nazio Batuen eta Ekuadorko Apezpiku Konferentziaren bitartekaritzarekin.

"Akordio honekin, Ekuador osoan izandako mobilizazioak eta protestak amaitu dira, eta herrialdean bakea berrezartzeko konpromisoa hartu dugu elkarrekin", irakur daiteke bi aldeek adostutako testuan.

Peralen hitzetan, herrialdea "egoera larrian" dago duela hamabi egunetik. "Hildakoak izan dira, eta zaurituak, askok lana galdu dute, eta hainbatek senideengatik sufritu dute. Iritsi da bakearen unea, akordioarena, eta etorkizunera begiratzeko unea da Ekuadorrentzat", esan du Peralek.

Bestalde, Lenin Moreno Ekuadorko presidenteak azpimarratu duenez, akordioa lortu ahal izateko, bi aldeek amore eman behar izan dute zenbait gaitan.

"Ez dago bakea baino printzipio zoragarriagorik", Morenoren hitzetan, eta militarrei eta poliziei eskerrak eman dizkie horien "eginkizunagatik”; izan ere, horietako asko zauritu dira herrialdean izandako protestetan.

Jaime Vargas CONAIE Ekuadorko Nazionalitate Indigenen Konfederazioko presidentearen arabera, Konstituzioa errespetatu behar da, eta, besteak beste, indigenen lurraldeei eragiten dieten neurriak hartu aurretik galdeketa egin behar da.

Hala, azken egunetako "borroka eta erresistentzia prozesuan", 2.000 indigena baino gehiago zauritu direla, mila manifestari preso hartu dituztela eta hamar pertsona hil direla azpimarratu du, eta Ekuadorko Poliziaren eta Indar Armatuen "torturak" salatu ditu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Venezuela Kolonbia Latinoamerika Ekuador