Mundua -

Protestak

Salbuespen-egoera ezarri dute Ekuadorren, erreformen aurkako protestak direla eta

Azkenaldian sortutako mesfidantzak konpontzeko asmoz, “elkarrizketarako prest” agertu da Moreno, baina argi utzi du ez dagoela iragarritako neurri ekonomikoak aldatzeko aukerarik.

Ekuadorko Gobernuak iragarritako erreforma ekonomikoaren aurako protestak. Argazkia: EFE
Ekuadorko Gobernuak iragarritako erreforma ekonomikoaren aurako protestak. Argazkia: EFE
Ekuador salbuespen egoeran, erregaien gorakadaren osteko protestengatik

1:54

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lenin Moreno Ekuadorko presidenteak salbuespen-egoera ezarri du herrialde osoan, “ordena, lasaitasuna eta segurtasuna” bermatzeko asmoz. Izan ere, dirua aurreztu eta diru-sarrerak handitzeko helburuarekin iragarri berri dituen erreforma ekonomikoen aurkako protestek “kaosa” eragin dute Ekuadorren. Besteak beste, erregaien kontsumorako laguntzak kentzea eta prezioak liberalizatzea proposatu du Morenoren gobernuak.

Testuinguru horretan, azken egunotan egindako mobilizazioetan sortutako "istiluek gobernua ezegonkortzeko asmoa" dutela salatu du Ekuadorko presidenteak. “Alde batera utzi behar dugu irizpideak inposatzeko ohitura miserablea”, ohartarazi du agintariak, eta herritarren oinarrizko eskubideak bermatu ahal izateko ezohiko neurriak hartzea ezinbestekoa izan dela ziurtatu du.

Hala, azkenaldian sortutako mesfidantzak konpontzeko asmoz, "elkarrizketarako prest" agertu da Moreno, baina argi utzi du ez dagoela iragarritako neurri ekonomikoak aldatzeko aukerarik. Ekuadorko Gobernuaren arabera, subsidioarekin bakarrik, Estatuak urtean 1.500 milioi dolar inguru aurreztuko ditu.

Bestalde, Oswaldo Jarrin Defentsa ministroak azpimarratu du beharrezkoa dela "ordena eta bake soziala desitxuratzen" duten ekintzen aurka egitea. Ildo horretatik, Ekuadorko Poliziak eta Indar Armatuek kasuan kasu egoki iritzitako neurriak hartzeko aukera izango dutela esan du.

Garraiolariek egin dituzte protestak, baina hainbat sindikatu, ikasle-talde eta indigenen mugimenduak gehitu zaizkie horiei. Mobilizazioen ondorioz, errepide mozketak eta blokeoak izan dira Quiton eta Guayaquilen. Horrez gain, tentsio uneak izan dira hiriburuan, manifestarien talde bat Gobernuaren egoitzarantz egiten saiatu denean. 

Agintariaren hitzetan, "Konstituzioak zerbitzu publikoak geldiaraztea debekatzen du, eta Zigor Kodeak hori zigortzen du". Horrala, ez du baztertu istiluen erantzuleen aurkako neurriak hartzea. Gutxienez 19 lagun atxilotu dituzte, eta salbuespen-egoera bi hilabetez egongo da indarrean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Grebak Eguneko albisteak Albisteak Venezuela Kolonbia Latinoamerika Peru Ekuador