Mundua -
Igande honetan
NDF eta EBrekin lehiatuko den Gobernu berria aukeratuko du Portugalek
Bederatzi milioi portugaldar baino gehiago botoa ematera deituta daude. Inkestek diotenez, eskuindarrek irabaziko lukete eta horren ondorioz, Jose Socratesek boterea utzi beharko luke.
Erredakzioa
Gobernu berria aukeratzera doa igande honetan Portugal. Exekutibo berriak Nazioarteko Diru Funtsarekin eta Europar Batasunarekin lehiatu beharko da, 78.000 milioi euroko erreskatea jaso ondoren.
Bederatzi milioi portugaldar baino gehiago botoa ematera deituta daude. Errebalida modukoa izango da igandeko hauteskundeetarako deialdia Jose Socrates lehen ministroa eta Alderdi Sozialistaren hautagaiarentzat. Socratesek dimisioa aukeztu zuen joan den martxoan, berriro hautatua izan eta urtebetera. Azken egunetako inkestek iragarri dutenez, Jose Socratesen alderdiak porrot egingo luke eta ondorioz, boterea utzi beharko luke.
Parlamentuko alderdi guztiek Gobernuaren doitasun planari uko egin zioten eta horrek aldez aurretiko hauteskundeen deia egitera behartu zuen Gobernua. Bitartean, zor publikoa sostengaezin bihurtu zen eta apirilaren 6an Europar Batasunari eta Nazioarteko Diru Funtsari erreskatea eskatzera behartuta ikusi zuten euren burua.
Hauteskunde kanpainaren hasieran, emaitza oso estuak aurreikusi zituzten inkestek. Izan ere, bere botoa erabaki gabe zutenen kopurua altua zen (% 20 inguru). Hortaz, iragarpenek oso emaitza zabalak eskaini ohi zituzten. Hala ere, hauteskunde kanpainaren amaiera aldera, eskuindarren garaipena nagusitu da inkestetan. Izan ere, Alderdi Sozialdemokratak Alderdi Sozialistak baino 5,4 puntu gehiago lortuko lituzke.
Gobernua egitea lortuko duen alderdiak lan neketsua izango du egiteke. Behin Gobernua sortuta, antza, uztailean, hilabeteko epea izango du Portugaleko Gobernuaren, NDFren eta EBren artean adostutakoa betetzeko.