Mundua -
Protestak Txilen
Txileko Gobernuak metroaren prezioaren igoera baliogabetu du, protesten ondorioz
Txileko presidentea gobernuko eta oposizioko alderdiekin bilduko da gaur, "akordio sozial bat" adosteko asmoz. Azken egunotan 13 pertsona hil dira herrialdean.
Agentziak | Erredakzioa
Txileko Gobernuak bertan behera utzi du Santiagoko metroko txartelen prezioaren igoera, herritarren protesten ondorioz. Azken egunotan 13 pertsona hil dira bertan izandako protestetan; azkena Santiago erdialdeko supermerkatu batean hil da, elektrokutatuta.
Bestalde, Sebastian Piñera Txileko presidentea Gobernuko eta oposizioko alderdiekin bilduko da gaur, asteartea, "akordio sozial bat" adosten saiatzeko. Metroko txartelak garestitu ostean herrialdean piztutako protestekin amaitu nahi du horrela Piñerak.
Zehazki, presidenteak jakinarazi du pentsioak hobetzeko, sendagaien prezioa jaisteko eta osasun arreta zerbitzuetan kalitatea hobetzeko asmoz bilduko dela alderdi politikoekin.
Horrez gain, antolatutako gaizkile talde txikiek herrialdean erabilitako "indarkeria bortitza” gaitzetsi du presidenteak, eta "maltzurkeriaz" jokatu dutela salatu du. "Indarkeria ezin da Txilen nagusitu", azpimarratu du.
Joan den astean hasi ziren protestak, azken hilabeteetan gobernuak lau aldiz garestitu duelako metroko txartelaren prezioa. Manifestazioak are bortitzagoak izan dira asteburuan, eta manifestariek kalteak eragin dituzte garraio publikoan. Horrez gain, arpilatzeak ere izan dira herrialdean.
Testuinguru horretan, agintariak larrialdi egoera ezarri zuen ostiralean, eta etxeratze agindua jarri zuen indarrean Santiagon eta inguruko beste hiri batzuetan. Oraingoz, baina, atzera egin du neurri polemiko horretan, eta metroko txartelaren prezioa izoztea erabaki du.
Horrela, astearte honetan, zerbitzua eskainiko duen linea bakarrean, 830 peso (1,02 dolar) barik 800 peso (0,98 dolar) balioko du txartelak, urriaren 6an ezarri zen igoera bertan behera utzita.