Mundua -
Erresuma Batua
Poliziak beste hiru lagun atxilotu ditu 39 hilotz zeramatzan kamioiarekin lotuta
Horrekin, lau atxiloketa egin dituzte jada, gertatutakoarekin zerikusia dutelakoan. Erresuma Batuko agintariek zehaztu dute txinatar jatorriko herritarrak direla hildakoak.
Agentziak | Erredakzioa
Erresuma Batuko segurtasun-indarrek beste hiru lagun atxilotu dituzte, Essexeko konderritik zebilen kamioi baten barruan topatutako 39 hilotzekin zerikusia dutelakoan. Horri loturik, ibilgailuaren gidaria, 25 urteko Ipar Irlandako herritarra, atxilotu zuten ostegunean.
Poliziak, auzi honen harirako ikerketan, operazioa egin du Cheshire konderrian, eta gizon bat eta emakume bat atxilotu ditu (biak 38 urtekoak). Pertsona-trafikorako konspirazioa eta giza hilketako 39 kargu egozten dizkie, Essexeko Poliziaren ohar baten arabera.
Txinatar jatorriko herritarrak
Gorpuen identifikazio-prozesua bukatu gabe dago, baina Erresuma Batuko agintariek zehaztu dute txinatar jatorriko herritarrak direla. Ostegunean hasi ziren eramaten hilotzak Chelmsfordeko Broomfield Ospitaleko gorputegira, eta autopsiak egiten hasi dira bertan. Vietnamen Erresuma Batuko Enbaxadak egiaztatu du Poliziarekin harremanetan dagoela; izan ere, herrialde horretako emakume bat desagertuta dago, eta 39 hildakoen artean egon liteke.
Essexeko Poliziak berretsi du prozesua "luzea" izango dela, eta Txinak oso gertutik jarraituko duela. Londreseko Enbaxada txinatarrak talde bat bidali du Essexera, bertako indarrekin biltzeko, eta ez du baieztatu oraindik hildakoek zein herritartasun duten.
Hua Chunying Txinako Atzerri Ministerioko bozeramaileak espero du agintari britainiarrek gaitasuna izatea "baieztatzeko eta egiaztatzeko, ahalik eta lasterren, biktimen nortasuna zein den eta zer gertatu zen, eta tartean dauden kriminalak zigortzeko", Reuters albiste-agentziaren arabera.