Mundua -

Infekzio-agerraldia

Bi urteko haur alemaniar bat, 'E. coli' bakterioaren 37. biktima

Bakterio honek eragindako biktimarik gazteena da Behe Saxonian (Alemaniako iparraldea) hildako umea. Gaixotasunaren jatorria soja ernatua izan dela baieztatu dute.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Behe Saxonia estatu federatuko (Alemaniako iparraldea) bi urteko ume bat hil da, E. coli bakterioak jota. Infekzio honek eragin duen 37. biktima da umea. Robert Koch Alemanian ikerketak egiten ari den institutuak baieztatu duenez, 20 urteko gizonezko bat zen, orain arte, biktimarik gazteena.

Robert Koch Institutuak joan den maiatzaren 1ean detektatu zuen lehenengo kasua, eta, handik aste batzuetara, pertsona ugari hasi ziren ospitaleetara heltzen, gaixotasun horrek jota.

Maiatzaren 25ean, barazki gordinik ez jateko aholku orokorra eman zuten agintariek, infekzioaren iturritzat horiek jota. Hurrengo egunean, iturria Espainiako pepinoak ziren susmoa zabaldu zuten, gerora hipotesi hori bertan behera geratu bazen ere. Ziurgabetasuna izan da nagusi azken asteetan, eta Europako barazki ekoizle askok milioika euroko kalteak izan dituzte.

Alemanian ez ezik, Suedian ere pertsona bat hil da, eta, hartara egindako ikerketek, soja ernatuaren gainean jarri dituzte susmoak. Joan den ostiralean pepino, uraza eta tomate gordinen gaineko betoa kendu zuten, Behe Saxoniako baserri ekologiko batetik zetorren soja ernatuan egindako azterketek emaitza positiboa eman eta gero.

Guztira, 3.000 lagun ospitaleratu dituzte Alemanian, infekzio honek jota. Haietako 700ek sindrome uremiko hemolitikoa arriskutsua garatu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea