Mundua -

Veneziako uholdeak

Veneziako uholdeek hiriko kultur ondarean eragina izan dute

San Markos plaza zein basilika, Guggenheim museoaren eraikina eta Veneziako Bienala dira uholdearen kalteak jasan dituztenetako batzuk.

Veneziako San Markos plaza urak hartuta. Argazkia: EFE
Veneziako San Markos plaza urez beteta erakusten duen irudia
Veneziako San Markos plaza urak hartuta. Argazkia: EFE

Agentziak |Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kanalen hiria urak hartu zuen azaroaren 13ko gauean, 187 zentimetrotik gorako itsasaldiak eraginda. Azken mende erdiko mailarik altuena izan da, 1966an 194 zentimetroko mailara iritsi baitzen. Kultur ondarean eragin zuzena izan du horrek.

Dario Franceschini Italiako Kultura ministroak, Polizia, Suhiltzaile eta Babes Zibileko taldeetako adituekin batera, krisi unitate bat zuzendu zuen azaroaren 14an, urak eragin dituen kalteak ikuskatzeko.

San Markos basilikako kriptan, urak 120 zentimetroko maila hartu zuen, azaroaren 15erako ur guztia atera badute ere. Carlo Alberto Tesserin tenpluko prokuradorearen arabera, ura leihoetatik sartu zen, eta kalte handienak patriarken hilobietan eragin zituela azpimarratu du.

Veneziako Dukearen jauregiko beheko solairuak ere urpean geratu ziren, eta itxita izango da garbiketa lanak bukatu eta segurtasun probak egin arte. Eraikin horren kudeatzaileek azpimarratu dutenez, bertako artelanak eta bildumak "seguru daude eta ez dute kalterik jasan".

San Markos plazan, kafetegi eta jatetxe historikoek ere jasan dituzte uraren kalteak. Teknikariek ohartarazi dutenez, "ur gazia eta zikina filtratzeak harresietako eta gainazal arkitektonikoetako materiala azkarrago degradatzea eragin dezake". Horregatik, ez da harritzekoa etxe okerrak aurkitzea, hiri osoa zurezko hagen gainean eraikita baitago.

Guggenheim museoan, eraikineko eremu baxuenak ez du kalte handirik jasan, baina bai leihatilak eta dendak. Veneziako Bienalak iragarri du bere obrek ere ez zutela kalte handirik jasan, eta atzo bertan ireki zuten berriro erakustazoka.

Historia Naturalaren Museoa azaroaren 17ra arte egongo da itxita, garbiketa lanak egin behar dituztelako. Correr museoa ere ireki dute, baina ezin dira igogailuak erabili, ezta Sisi Austria-Hungariako enperatrizaren apartamentua bisitatu ere.

La Fenice antzokian, urak sotorako sarbidea urperatu du eta kalteak egin ditu leihatiletan. Hori dela eta, azaroaren 24rako aurreikusita zegoen Giuseppe Verdiren 'Don Carlos' lanaren entseguak bertan behera utzi dituzte, baita azaroaren 17ko kontzertua ere.

Itsasaldiak Santa Margherita auditoriuma ere harrapatu du, eta, hori dela eta, bertan behera utzi behar izan dute iganderako, azaroaren 17rako, aurreikusitako kontzertua. Larunbat honetarako aurreikusita zegoen kontzertua ere utzi dute bertan behera.

Hiriko beste ikono batzuek ere jasan dituzte kalteak. Acqua Alta liburu-denda eta Partisauaren estatua, Faszismoari aurre egin zioten emakumeei eskainitakoa, horietako bi baino ez dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak Eguneko albisteak Albisteak Uholdeak bideoak Italiako albisteak