Mundua -

Wikileaks kasua

Fiskaltzak Julian Assangeren aurkako bortxaketa kasua itxi du

Denborarekin ebidentziek indarra galdu dutela ondorioztatu eta kasua ixtea erabaki du Fiskaltzak.

Julian Assange, Wikileaksen sortzailea. Argazkia: EFE
Julian Assange, Wikileaksen sortzailea. Argazkia: EFE
Julian Assange, Wikileaksen sortzailea. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Julian Assange Wikileaksen sortzailearen aurkako bortxaketa kasua ixteko erabakia hartu du Fiskaltzak. Ebidentziak denboraren ondorioz ahuldu egin direla adierazi, eta aurretiazko ikerketa itxi du.

Kasua 2010ean zabaldu zen eta 2017an itxi zuten. Orain dela sei hilabete berriro ireki zuten, Ekuadorrek 2012an emandako asilo diplomatikoa kendu eta Erresuma Batuak atxilotu zuenean.

Suediako Eva-Marie Persson fiskal nagusiak bere gain hartu zuen orduan kasuaren ikerketa. Asteartean adierazi zuenez, salatzaileak kontaketa “sinesgarri”, “fidagarri” eta “zehatza” eman zuen, baina hori babesten zuten ebidentziak denborarekin “ahuldu” egin zirela argitu zuen.

Ekainean Justizia suediarrak atzera bota zuen Fiskaltzak Assange atxilotzeko egindako eskaera, gehiegizkoa zela iritzita, izan ere, ikerketa penal batean galdekatu zezaketen kazetari australiarra. Fiskalak ez zuen helegiterik aurkeztu erabaki horren aurrean.

Orain dela bi hilabete Perssonek esan zuenez, zazpi lekukoren testigantzak transkribatzeke eta aztertzeke zeuden. Ondoren, Assange galdekatzeko ikerketa agindu edo kasua, 2017an bezala, ixteko erabakiko zuen.

Assange Ekuadorren babespean zegoelako utzi zuten kasua bertan behera duela bi urte. Orain, baina, badago Assange ikertzeko arrazoi juridikorik, horren esanetan.

Salatzailearen defentsak desadostasuna erakutsi arren, ez du argitu helegitea jarriko duen edo ez. Ustezko delitua 2020an preskribatzen da.

Estradizioa

Ekuadorko gobernu aldaketaren ondorioz ezeztatu zioten asilo diplomatikoa Assangeri. 2012an baldintzapeko askatasunaren baldintzak urratzeagatik 50 hilabeteko espetxe zigorra ezarri zioten kazetari australiarrari. Zigorra bete duen arren, oraindik kartzelan jarraitzen du ihes egiteko arriskua dagoela uste dutelako epaitegietan.

NBEko Atxilotze Arbitrarioen Lantaldeak Erresuma Batuko Gobernuari Julian Assange aske uzteko eskatu dio. Erakundeak bere garaian salatu zuen Suediako Justiziaren jokaera, eta orain gogor kritikatu du Assange segurtasun handiko espetxe batean egotea, inputatzen dizkioten delituak ikusita erabaki neurrigabea dela iritzita.

Sajid Javid Ekonomia ministro britainiarrak Assange AEBko Justiziaren esku uzteko agindu bat sinatu zuen ekainean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak bideoak Erresuma Batua albisteak Epaiketak argazkiak Eguneko albisteak Albisteak Suedia gaur Sexu erasoak gaur