Mundua -
Hong Kong
Hautesleen % 69k bozkatu dute Hong Kongeko hauteskundeetan, marka berria ezarrita
Adituen iritziz, parte-hartze handiak demokraziaren aldeko oposiziogileei egin liezaieke mesede. Ez da istilurik izan hauteskunde-egunean.
Agentziak | Erredakzioa
Hong Kongeko hauteskunde-eskolak itxita daude dagoeneko, igande honetako toki-hauteskundeak amaituta, eta segituan hasiko dira botoak zenbatzen. Hautesleen % 69k eman du botoa, marka berria ezarrita. Praktikan, hauteskunde hauek erreferendum bat balira bezala jo dituzte hainbatek; izan ere, herritarrek agintariei buruzko iritzia emango dute, bai eta agintari horiek Pekingo Gobernu zentralarekin duten harremanari buruz ere.
4,1 milioi hauteslek zuten botoa emateko aukera, eta 2,7 bat milioik bozkatu dute. 2016an, Kontseilu Legegilerako hauteskundeetan (Gobernuaren organo nagusia da hori), 2,2 milioi herritarrek bozkatu zuten, South China Morning Post egunkariaren arabera, baina oraingo datua 2016koari gailendu zaio. Ez da istilurik izan, gainera, hauteskunde-egunean.
City One barrutian, esate baterako, parte-hartzea % 70etik gorakoa izan da; horrenbeste herritar zeudenez, bertako hauteskunde-eskolak jendearen txaloen artean itxi dituzte.
Demokraziaren aldeko oposiziogileei egin liezaieke mesede
Adituen lehen erreakzioen arabera, parte-hartze handi honek demokraziaren aldeko oposiziogileei egin liezaieke mesede. Hauteskunde hauetan, gehienetan egin izan dutenaren kontrakoa erabakita, bateratuta aurkeztu dira: “Jakituria konbentzionalak zehazten du parte-hartze handiak pandemokratei egingo diela on”, adierazi du Anthony Cheung Bing Leung Garraio eta Etxebizitzako ministro ohiak.
"Txinatar ofizialismoaren aldekoek, aldiz, zartako ederra hartuko dute emaitzetan", iragarri du.
Aditu guztiak daude ados kontu batean: hiri-inguru landatarrak garrantzi handia izango du, bereziki Txinako mugatik gertu dauden lurraldeek. Azken hilabeteotako istiluek eragin handia izan dute bertan, eta, ondorioz, aginte lokalean iraulketa egon liteke.
Protestak jada indargabetuta dagoen lege bategatik hasi ziren, alegia, susmagarriak Txinara estraditatzeko aukera ematen zuen lege bategatik. Milaka herritarren iritziz, lege horrek Hong Kongeko osotasun judiziala urratzen zuen. Martxoan irten ziren kalera lehen aldiz, eta udaran manifestazioak bortitzagoak izan ziren. Poliziarekin borrokan ibili izan dira manifestariak, aurrez aurre.