Mundua -
Mexiko
Poliziaren eta ustezko narkoen arteko tiroketa batek 21 hildako utzi ditu Mexikon
Poliziaren eta ipar-ekialdeko karteleko kideen arteko borroketan 21 pertsona hil dira dagoeneko. Gainera, igande honetan ihes egiten saiatu diren beste zazpi susmagarri hil dituzte.
Agentziak | Erredakzioa
Mexikoko ipar-ekialdean 21 pertsona hil dira Poliziaren eta ipar-ekialdeko karteleko kideen arteko borroketan. Igande honetan, ihes egiten saiatu diren beste zazpi susmagarri hil dituzte.
Agintariek jakinarazi dutenez, zazpi ustezko gaizkileek Nuevo Leon estatura ihes egin nahi zuten, larunbatean Coahuila estatuan (AEBko mugan) borrokak izan ondoren.
Mexikoko Aginte Zentroak (segurtasun indar federalak eta estatalak koordinatzen dituena) jakitera eman duenez, ustezko delitugileak hiru ibilgailutan ihes egiten saiatu dira, baina inguru horretan hegan ari ziren bi helikopteroetako batek harrapatu ditu.
Estatuaren iparraldean izan diren borroka bortitzak larunbat eguerdian hasi ziren, gizon armatuz betetako 20 ibilgailuko karabana bat Villa Unionera (AEBko mugatik 60 kilometrora dagoen herri txiki bat) iritsi zenean.
Larunbat gauera arte, 14 hildako zenbatu zituzten, segurtasun indarretako agenteen eta Ipar-ekialdeko Karteleko (CDN) ustezko kideen arteko borroka batean, Villa Union herrian, Miguel Riquelme Coahuila estatuko gobernadoreak baieztatu duen moduan.
Hildakoak CDNko ustezko kideak diren 10 zibil armatu eta lau agente dira, gobernadoreak Udal Presidentetzaren egoitzaren aurrean azaldu duenez. Tiroketak zazpi ordu inguru iraun zuen, eta egoitza horren fatxadak dozenaka tiro jaso zituen.
Riquelmeren hitzetan, sei polizia zauritu dira (arriskutik kanpo omen daude), eta hainbat pertsona desagertu dira, dagoeneko aurkitu dituzten lau adingabeez gain. Erasotzaileek, antza denez, beste zibil batzuk bahituta eraman dituzte, hiritik ihes egin dutenean.