Mundua -
Saudi Arabia
Heriotza zigorra ezarri diete bost laguni, Khashoggi kazetariaren hilketa dela eta
Halaber, Mohamed bin Salman printzearen aholkularia, erantzukizun guztietatik libre utzi dute, ez delako bere aurkako frogarik aurkeztu.
Agentziak | Erredakzioa
Saudi Arabiako Fiskaltzak astelehen honetan jakitera eman duenez, heriotza zigorra ezarri diete ustez Yamal Khashoggi kazetariaren hilketan parte hartu zuten bost laguni. Halaber, Saud al Qathtani, Mohamed bin Salman printzearen aholkularia, erantzukizun guztietatik libre utzi dute. Kazetari saudiarabiarra 2018ko urrian hil zuten, Saudi Arabiak Istanbulen duen kontsulatuan.
Shalaan al Shalaan Saudi Arabiako Fiskaltza Nagusiko bozeramaileak azaldu duenez, Qahtani eta Ahmed Asiri, Saudi Arabiako zerbitzu sekretuetako zuzendariordea, aske utzi dituzte, ez delako haien aurkako frogarik aurkeztu. Zehazki, Khashoggiren hilketarekin lotutako bi auzipetu nagusiak ziren.
Mohamed Al Otaibi Saudi Arabiak Istanbulen duen kontsula ere aske utzi dute, ez dutelako haren aurkako frogarik aurkitu.
“Zigor Auzitegiak hamaika auzipeturen aurkako epaiak eman ditu. Bost laguni heriotza zigorra ezarri die, Khashoggiren hilketan parte hartzea leporatuta”, esan du Al Shalaanek.
Horrenbestez, hiru auzipetu (Qahtani, Asiri eta Al Otaibi) froga faltengatik ez direla erruduntzat jo jakinarazi du. Beste hiruri 24 urteko kartzela-zigorra ezarri diete, baina kontsulak ez ditu auzipetu horiek identifikatu nahi izan, eta ez du zehaztu bakoitzari ezarritako zigorrak.
Fiskaltza Nagusiko bozeramailearen arabera, ikerketek argi utzi zuten ez zela Khashoggi hiltzeko asmorik egon, auzipetuak eta biktima ez zirelako “etsaiak”.
Khashoggi, Saudi Arabiako Gobernuarekin jarrera kritikoa zuen kazetaria izan zen, eta Washington Post egunkarian zutabegile gisa egiten zuen lan. 2018ko urriaren 2an hil zuten, Saudi Arabiak Istanbulen duen kontsulatuan. Nazioarteko herrialdeek kazetari horren hilketa gaitzetsi zuten, eta Saudi Arabiaren irudi publikoa eraitsi zuen krimen maltzur hori deitoratu zuten.
Nazio Batuek eta Ameriketako Estatu Batuetako Senatuak Mohamed bin Salman printze oinordekoari leporatu zioten gertatutakoa, eta, hilketa horren erantzule zuzena egin zuten arren, erresuma horretako gizon boteretsuena ez dute auzipetu.
Al Qahtanik, 2003tik errege familiarentzat lan egin zuenak, bere boterea handitu zuen Bin Salman Saudi Arabiako printze oinordeko bihurtu zenean, 2017an.