Mundua -
Txile
Txileko Valparaiso hirian piztutako sute batek ehun etxetik gora kiskali ditu
Horrez gain, suteak kalte handiak eragin ditu hiriko argindar sarean. Sua nahita piztu dutela uste dute tokiko agintariek, sare sozialetan zabaldutako bideo bat aztertu ostean.
Agentziak | Erredakzioa
Txile erdiguneko Valparaiso hirian piztutako sute batek ehun etxetik gora kiskali ditu, eta suhiltzaileak sua kontrolatzeko lanean ari dira, tokiko agintariek jakitera eman dutenez.
Antonio Walker Txileko Nekazaritza ministroak azaldu duenez, suak hiriko hainbat auzo harrapatu ditu, eta 150 etxebizitza inguru kaltetu ditu.
Gabon gaua ospatzen ari ziren herritar asko ziztu bizian atera behar izan dira haien etxeetatik, eta horietako askok ondasun guztiak galdu dituzte, maskotak ere.
Gutxienez 40 hektarea kaltetu ditu suteak, eta, horrez gain, kalte handiak eragin ditu hiriko argindar sarean. Ildo horretatik, 100.000 herritar inguru zerbitzurik gabe geratu dira.
Jorge Sharp Valparaisoko alkatearen esanetan, "eskualde osoko suhiltzaileak sua mendean hartu nahian daude, aireko eta lurreko baliabideekin". Une honetan, hirian piztuta dauden bi fokutan ari dira lanean, baina tenperatura altuak eta haizeteek ez dute batere laguntzen.
Sebastian Piñera Txileko presidenteak "biziki" deitoratu du gertatutakoa, Twitter bidez zabaldu duen mezu batean.
Sua nahita piztu zutela uste dute agintariek
Valparaison 150 etxebizitza inguru suntsitu dituen sutea nahita piztu zutela uste dute tokiko agintariek, izan ere, kamioneta bat duen pertsona bat sutea piztu zen eremuan sartzen ikus daiteke sare sozialetan zabaldutako bideo batean.
Gonzalo Blumel Txileko Barne ministroak azaldu duenez, "zantzu ugari daude nahita eragindakoa dela pentsatzeko". Halaber, nondik norakoak argitzeko asmoz Fiskaltzak ikerketa abiatu duela baieztatu du.