Mundua -
Japonia
Nissaneko presidente ohiak Japoniatik ihes egin du, identitate faltsu batekin
Ohar batean, Libanon dagoela baieztatu du Carlos Ghosnek, eta Japoniako justiziaren "bahitua" ez izateko herrialdetik ihes egitea erabaki duela azaldu du.
Agentziak | Erredakzioa
Carlos Ghosn Nissaneko presidente ohiak Japoniatik ihes egin du, identitate faltsu batekin, herrialdean etxe barruko arrastatzea ezarri zioten arren.
Nissaneko presidente ohiak Libanon dagoela baieztatu du, eta Japoniako justiziaren "bahitua" ez izateko herrialdetik ihes egitea erabaki duela azaldu du. "Ez dut Justiziatik ihes egin, bidegabekeriatik eta jazarpen politikotik baizik", esan du Ghosnek ohar baten bidez.
Japoniako sistema judiziala "diskriminazio orokortuak" zehazten duela eta herrialdean giza eskubideak urratzen direla ziurtatu du Nissaneko presidente ohiak ohar horretan, eta hori "nazioarteko lege eta itunekiko erabateko mespretxua" dela ohartarazi du.
"Libanon nago orain. Dagoeneko ez naiz errudun-presuntzioa inposatzen den Japoniako sistema judizial partzial bateko bahitua", gaineratu du Ghosnek.
Hiru paragrafo ditu testuak, eta hemendik aurrera komunikabideekin "askatasunez" hitz egin ahal izango duela esan du. Ildo horretatik, datorren astean azalpen gehiago emango dituela ziurtatu du.
Nissan Motor eta Mitsubishi Motors taldeko presidente izateaz gain, Renault taldeko buru ere izan zen Ghosn. 2018ko azaroaren 19an Tokion atxilotu zuten, Nissaneko presidente zela kudeaketan egindako ustezko finantza irregulartasunak egotzita.
65 urteko zuzendari ohiak lau auzi judiziali egin beharko die aurre Japonian, eta epaiketa 2020ko apirilean hastea espero da.
Ghosnek errugabea dela defendatu du beti, eta adierazi du bere atxiloketa Nissanen barruan izandako ustezko konspirazio baten ondorio izan zela. Testuinguru horretan, "Japoniako sistema judizial partzial bateko biktima” dela azpimarratu du behin baino gehiagotan.