Mundua -

Suteak

Australiako suteek 430 milioi euroko kalteak utzi dituzte, aseguru etxeen arabera

Aurkeztu diren 9.000 erreklamazioetatik % 20 baino ez dituzte aztertu. Hegoaldeko Gales Berria estatuan 140 sute baino gehiago daude piztuta oraindik.

Kiskalitako eremu bat Kanguru irlan, Australia hegoaldean. Argazkia: EFE
Kiskalitako eremu bat Kanguru irlan, Australia hegoaldean.
Kiskalitako eremu bat Kanguru irlan, Australia hegoaldean. Argazkia: EFE

Agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Australiako aseguru etxeek astearte honetan zehaztu dutenez, uhartearen hego eta hego-ekialdean izandako ehunka suteek 430 milioi euroko kalteak utzi dituzte. Guztira, 9.000 erreklamazio aurkeztu dituzte kaltedunek.

Josh Frydenberg Australiako diruzainak azaldu duenez, 9.000 erreklamazio horietatik % 20 baino ez dituzte aztertu, eta horietatik erdia ordaindu dute jada.

Hegoaldeko Gales Berria estatuan izan da kalterik handiena. Gaur gaurkoz, 140 sute daude piztuta, alerta maila txikienean badaude ere. Azken egunotan euritara jo du aroak, eta suhiltzaileen lana erraztu du. Nolanahi ere, oraindik ez dituzte denak kontrolpean hartu.

Estatu horretako suhiltzaileen hitzetan, suak 1.588 etxebizitza suntsitu eta 653 kaltetu ditu. Victoria estatuan, berriz, 450 eraikinek kalteak izan dituzte.

Irailean hasi ziren suteak, baina azken hilabetean okerrera egin du egoerak, beroaldia izan baitute. Orduko 100 kilometroko boladek eta 48 ºC-rainoko tenperaturek sua kontrol barik barreiatzea ekarri du.

Iturri ofizialen arabera, 24 pertsona hil eta lau suhiltzaile zauritu dira Hegoaldeko Gales Berria eta Victoria estatutuetan. Hiru milioi hektarea kiskali ditu suak. Horrez gain, lau pertsona desagertuta daude.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Suteak Eguneko albisteak Albisteak Australia