Mundua -

Suteak

3.000 erreserbista deitu ditu Australiak, 23 hildako eragin dituzten suteen kontra

Herrialdearen hegoaldean 40 gradutik gorako tenperaturak daude, eta haizea gogor eta aldakor jotzen ari da.

Hegazkin bat Nowran, Australian. Argazkia: EFE.
Hegazkin bat Nowran, Australian.
Hegazkin bat Nowran, Australian. Argazkia: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

3.000 erreserbista mobilizatu ditu Australiak, hego-ekialdea erretzen ari diren suteen kontra borrokatzeko. Bertan egoera "katastrofikoan" daude, eta beste bi pertsona zendu ostean, 23 dira orain hildakoak.

Bi biktima berriak Kangaroo uhartean hil dira, Hego Australiako estatuan. 100.000 hektarea erre dira, gehien bat Flinders Chase parke nazionalean. 60.000 kanguru, 50.000 koala eta arriskuan dauden animaliak bizi dira bertan.

Milaka suhiltzailek eta erreserbistak borrokatzen jarraitzen dute, gauean ere, Hegoaldeko Gales Berria eta Victoria estatuetan oraindik aktibo jarraitzen duten 200dik gora suteen kontra. Hiru milioi hektarea erre dituzte.

Gutxienez sei pertsona oraindik desagertuta daude Victorian. Gutxienez 50 sutek aktibo jarraitzen dute estatu horretan. Beste 150 fokuak Hegoaldeko Gales Berrian daude, estaturik kaltetuenean. Horietako hamarren inguruan alerta totala dago.

Scott Morrison lehen ministroaren arabera, 23 pertsona hil dira irailean hasi zen suteen denboraldian. Horietako hamabi azken astean hil dira.

"Prezio altua ordaintzen ari gara", esan du Morrisonek, biktimak eta irailetik erre diren 1.500 etxebizitzak gogoratuta.

Erreserbistez gain, Adelaide ontzia ere mobilizatu du Morrisonek, kaltetutakoak ebakuatzeko; base militarrak ireki ditu biktimak behin behinean hartzeko, eta 20 milioi dolar australiar bideratu ditu lau hidrohegazkin alokatzeko.

Azken asteetan kritika gogorrak jaso ditu lehen ministroak, suteei emandako erantzun ezagatik. Kaltetutako inguruetako bizilagunen gaitzespena ikusi zuen Morrisonek: agurtzeari uko egin zioten eta lehen ministroa iraindu zuten.

Larunbatean, tenperaturak 40 gradutik gorakoak izan dira Australia hegoaldean. Sidneyko auzo batean, adibidez, 48,9 graduko maximoak izan dira. Haizea gogor jotzen ari da, eta norabidez aldatzen ari da. Horrek suhiltzaileen lana zailtzen du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Suteak Eguneko albisteak Hondamendi naturalak albisteak Albisteak Australia