Mundua -

Australia

Etxetik ihes egiteko eskatu die Australiak Victoriako herritarrei, suteengatik

Ia 6 milioi lagun bizi dira Australiako Victoria Estatuan; Gobernuak ohartarazi dienez, arriskua dago suak etxeetan harrapatzeko.

Hainbat herritar atera dituzte euren etxeetatik, jada, Victoria Estatuan. Argazkia: EFE.
Hainbat herritar atera dituzte euren etxeetatik, jada, Victoria Estatuan. Argazkia: EFE.
Hainbat herritar atera dituzte euren etxeetatik, jada, Victoria Estatuan. Argazkia: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Etxetik ihes egiteko eskatu die ostiral honetan Australiako Gobernuak Victoria Estatuko ipar-mendebaldeko lurralde handietako herritarrei, bertan piztuta dauden baso-sute larriengatik; izan ere, Gobernuak dio arriskua dagoela, hori ez balute egingo, suak etxeetan harrapatzeko. Victoria Estatuan ia 6 milioi lagun bizi dira, eta, historian lehen aldiz, "hondamendi-egoeran" dago.

Hain zuzen ere, 240.000 bat herritarri eskatu diete ihes egiteko, ostiral honetan.

Gabonetatik daude Australian suteak itzali nahian, oraingoz hori lortu gabe. Ostiral honetan, beste behin, "muturreko baldintza meteorologikoak" dituzte herrialdean; horrez gain, asteburuan, iragarpenaren arabera, 40 gradutik gorako tenperaturak eta 90 km/h-rainoko haize-boladak izango dituzte hainbat landa-gunetan. Hortaz, zaila izango da berriro suaren aurka borrokatzea; orain arte, herrialde osoan, suteek 10 milioi hektarea kiskali dituzte.

Australiako lehen ministro Scott Morrisonek abisua eman du: "Ostirala egun zaila izango da ekialdeko Estatuetarako; urrun dago oraindik krisi honen amaiera". Askok gaitzetsi dute nola heldu dion Morrisonek suteen arazoari; lehen ministroak azaldu du ontziak Hegoaldeko Gales Berriko kostaldeen aurrean izango direla, prest, aukera baitago Estatu horretako milaka herritar etxetik irten behar izateko.

Lehen ministroak (kontserbadorea da), halaber, baieztatu du Australiako Itsas Armadak eta Armadak laguntza ematen jarraituko dutela. Hegoaldeko Gales Berrian 134 sute daude une honetan piztuta, horietatik 53 geldiarazi gabe. Bitartean, Hego Australian 200 suhiltzaile baino gehiago dabiltza Kanguru uhartearen heren bat baino gehiago kiskali duen sute bati aurre egiten, baina sute hori ez dago kontrolpean.

Gutxienez 24 hildako

Suteen ondorioz, gutxienez 24 lagun hil dira, eta lau suhiltzaile zaurituta daude. 200 sute baino gehiago izan dira, guztira, Hegoaldeko Gales Berrian eta Victorian, eta azken hilabetean hiru milioi hektarea birrindu dituzte sute horiek.

Gainera, sei lagun desagertuta daude Victorian; Estatu horretan gutxienez 50 sute daude piztuta. Hegoaldeko Gales Berrian, 14.000 kilometroko eremua husten saiatzen ari dira, "debekatutako”" bost eremu zehaztuz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Suteak argazkiak Eguneko albisteak Hondamendi naturalak albisteak Albisteak Australia