Mundua -
Urteurrena
Lurrikara batek Haiti suntsitu zuenetik, hamar urte
Haitiarren % 60 txiroak dira, eta 2,5 milioi egoera larrian daude.
Agentzia | Erredakzioa
2010ko urtarrilaren 12an Haiti astindu zuen 7 graduko lurrikarak gaur egun oraindik nabaria den hondamena eragin zuen. Nazioarteko komunitateak laguntza handia eskaini zion sismoaren ostean, inoiz ez bezala, baina hamarkada bat eta gero, Nazio Batuek eta bertan duden gobernuz kanpoko erakundeek ohartarazten dutela nazioarteko fokuetatik kanpo dauden erronka handiak daudela.
Azken hamabi hilabeteetako tentsio politiko eta sozialek eta laguntza humanitarioaren banaketan izan duten ondorioek agerian utzi dute Amerikako herrialde txiroena nazioarteko laguntzaren oso mendekoa dela, baina diru-emaileak nekatuta daude edo beste krisiei ematen diete garrantzia.
NBEren estimazioen arabera, 4,6 milioi pertsonak behar dute laguntza (horien ia erdia umeak dira), eta 3,7 milioik desnutrizio larria dute. Sei milioi haitiar baino gehiago, hau da, biztanleen % 60, txiroak dira, eta 2,5 milioi egoera larrian daude, Munduko Bankuaren datuen arabera.
Gai Humanitarioak Koordinatzeko NBEren Bulegoak Haitin duen arduradun Christian Cricboomek onartzen duenez, herrialdeak "urrats handiak eman ditu" azken hamarkadan "azpiegituretan edo oinarrizko gizarte zerbitzuetan", baina "argi eta garbi erronka handiak geratzen dira", eta horietako asko "ez daude hondamendiarekin lotuta".
Eskualdeko herrialderik ahulena da Haiti, eta ez bakarrik lurrikara handiaren eraginez. Gosearen Kontrako Ekintza GKEko zuzendari Cedric Pirou larrialdietarako laguntza ibilbide luzeko beste motatako lanarekin konbinatzearen alde dago: "Lurrikarak herrialdearen arazo larriak ikustarazi zituen; horiek biztanleriaren behar larriei konponbiderik jartzeko gai ez den gobernantza arduragabeak markatutako sistemaren ondorio dira".
200.000tik gora hildako eragin zituen lurrikarak –tokiko agintarien arabera, 300.000 baino gehiago izan ziren-, eta gainera, KPIren % 120ko kalteak eta % 5eko atzeraldi ekonomikoa eragin zituen. Administrazioa ia suntsituta geratu zen, eta Haitik osasun azpiegituraren % 60 inguru galdu zuen.
Beste herrialdeetako biztanleen mobilizazioa
2010 eta 2014 artean "nazioartearen oso erantzun handia" izan zela onartzen du Pirouk, eta horrek "presazkoenak ziren beharrak" konpontzeko balio izan zuen; dena galdu zutenei etxebizitza bat emateko, adibidez. Hurrengo bi urteetan, erakundeek programa "integratuagoak" finantzatzea lortu zuten, baina "2015etik ahanzturan erori zen herrialdea".
"Erakunde humanitarioek laguntza emateko zuten gaitasuna oso kaltetuta izan da, funts faltagatik", Cricboomen arabera. Haitikoa gaizkien finantzatutako krisietako bat izan da, beraz.
Zentzu berean, Mendurik Gabeko Medikuak (MSF) erakundeko koordinatzaile Sandra Lamarqueren arabera, lurrikararen ostean jasotako edo agindutako nazioarteko babesa "joan egin da orain", eta "zenbait kasutan ez zen inoiz ikusi". Deitoratzen duenez, arreta "beste lekuetan jartzen ari da, haitiarren gehiengoaren eguneroko bizitza gero eta prekarioago bihurtzen ari den bitartean, inflazioa, aukera ekonomikoen falta eta indarkeriaren ondorioz".
Azken hamarkadan, Haiti momentu ugaritan egon da larrialdi egoeran, zikloi eta lehorteengatik, kasu, baita oso azkar hedatu zen kolera epidemia batengatik. 2011n milioi erdi gaixo eta 7.000tik gora hildako utzi zuen izurriteak, MSFren txosten baten arabera.
"Orain kolera kontrolpean dagoen arren, adi egoten jarraitu behar dugu eta edateko ura eta saneamendu egokia hedatzeko inbertsioa handitu behar dugu", uste du Cricboomek.
Erronka medikoak
Lurrikararen hamargarren urteurrena baliatuta, MSFk osasun beharrei arreta emateko eskatu dio nazioarteari.
Gastu medikoak oso altuak dira biztanlearen gehiengo zabalarentzat. 2019an, %35 igo da sendagaien prezioa, eta ospitaleratuta izateko gastuek, % 26, Mugarik Gabeko Medikuen arabera.
Gosea areagotzeko arriskua
2018an erregaien prezioaren igoeraren kontra manifestatzen hasi ziren haitiarrak, baina ordudanik aldatu egin dira protestak, eta Jovenel Moise presidentearen aurka ustelkeria leporatuta, bere dimisioa ere eskatzen dute.
Pirourentzat, "gora egiten ari diren ezegonkortasun politikoa eta indarkeria" dira elikaduraren egoerak okerrera egitearen arrazoi nagusiak. Izan ere, "azkenaldiko krisi larrienetariko batera" eraman dute Haiti. Bere erakundearen arabera, "berehala" zerbait egiten ez bada, martxoan 4,2 milioi pertsona gose izatea aurreikusten da, eta 1,2 milioi larrialdi egoeran egotea.
Etorkizunari begira, Cricboomek espero du "Haitiko herritarrek bat egin ahal izatea eta gaur egungo krisiarentzat konponbide bat lortzea". Horretarako, baina, "nazioarteko komunitateak", haitiarren eta beren instituzioen "alde egon behar dira".
Haiti, hamar urtera. Argazkiak: EFE