Itxi

2020/01/31

13:38

Mundua

'Brexit'

Powell: "Ipar Irlandak erreferenduma eskatuko dio Erresuma Batuari hamar urteetan"

eitb.eus

"Ekonomikoki bateratutako Irlanda batean zenbat eta denbora gehiago igaro, orduan eta jende gehiagok pentsatuko du politikoki bateratutako Irlanda batean hobeto egongo direla".

  • Jonathan Powell

    Jonathan Powell. FETBren bideo batetik lortutako argazkia

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Jonathan Powellen esanetan, brexitaren ondorioz, Ipar Irlandak erreferenduma eskatuko dio Erresuma Batuari Irlanda bateratu bat sortzeko bozketa bat egitea eskatzeko eta hori datozen hamar urteren buruan gertatuko dela esan du; "inoiz ez nuen uste gertatuko zenik, baina orain ia litekeena dirudi". Izan ere, "lehen aldiz, gehiengo batek Irlanda bateratu bat nahi du". Beraz, legez, gehiengo bat baldin badago, erreferenduma egon behar du Ipar Irlandan.

Ostiral Santuko Akordioaren negoziatzaileak ETBn egindako elkarrizketa batean esan duenez, oraingoz, gehiengo hori "oso estua" da, baina lehen aldia da agertu dena. Powellen arabera, tradizionalki, Ipar Irlandan katolikoen heren bat Erresuma Batuan gelditzearen alde zeuden. Brexitaren ondorioz, ordea, "kopuru hori gutxitu egin da, katolikoen heren batetik % 10era jaitsi baita. Eta hala egin du, brexitaren presioak eragin duelako orain Irlanda bateratu baten alde egitea".

Era berean, unionisten zati batek ere gisa bereko iritzia duela azaldu du. "Ekonomikoki bateratuta dagoen Irlanda honetan zenbat eta denbora gehiago igaro, orduan eta jende gehiagok pentsatuko du hobeto egongo direla politikoki ere bateratuta dagoen Irlanda batean, Bruselan erabakitzen diren arau ekonomiko batzuen pean bizi direlako, baina ez dute ez ahotsik ez botorik, ez baitiote botoa ematen Irlandako gobernuari".

Beraz, Powellek esan du irlandar nazionalistek Irlanda bateratu bat sortzeko erreferenduma egitea eskatuko balute, Ostiral Santuko Akordioaren arabera, Ipar Irlandako idazkariak, Erresuma Batuko gobernuaren ordezkariak, onartu beharko du erreferenduma egitea, Irlandarekin bat egin nahi duen gehiengo argia dagoenean. Hala ere, Ostiral Santuko Akordioak ez du oso argi uzten legedian gehiengo hori zenbatekoa den eta zenbat denboraz izan behar duen horrela.

Powellen iritziz, aurre egiten dioten egoerak zailtasun handia du; "erreferenduma egiten badugu, brexitaren erreferenduma ez bezala, % 52 eta % 48 arteko aldea ateratzen bada, eta% 48 Irlanda bateratu batekin bat egitera behartzen baduzu, hori oso gogorra izango da". Powellen ustez, gogorra izango da Irlandako gobernuarentzat zein Ipar Irlandako biztanleentzat eta gobernu britainiarrarentzat ere.

Zailtasun horrek Ipar Irlandako indarkeriaren itzulera ekar lezake, izan ere, "ez da erabat desagertu, baina garai erabat ezberdina bizi da, bake garai erlatibo bat. Nahiz eta arrisku hori beti presente dagoen Ipar Irlandan". Powellen arabera, "IRAren disidenteek, disidente errepublikanoek, ez dute babes politikorik eta ez dira gai izan jarduera bortitz asko mantentzeko".

"Alde loyalistaren aldetik indarkeriak kezkatzen nau; izan ere, Erresuma Batuko zati bat bezala geratzeko gai izango ez direla sentitzen badute, orduan indarkeria bueltatzeko arriskua dago. Eta espero dut ez gertatzea, benetan ez dago horren sintomarik".

ETBko elkarrizketa Jonathan Powelli brexitari buruz:

Erreferenduma Eskozian

Powellen arabera, gauza bera gertatuko litzateke Eskozian, "proportzio handiago batean, eskoziarrek brexitaren aurka ere bozkatu zutelako". "Uste dut Eskozia Erresuma Batua uzten saia daitekeela hurrengo hamar urteetan, eta Boris Johnsonek, lehen ministro gisa, erreferendumari uko egin diezaiokeela, Westminsterren gehiengo handia duelako, baina hori egiteko arriskua independentziaren aldeko eskaria handitzea da".

Ipar Irlandako muga

Powell kezkatuta agertu da urte honetan zehar izango diren negoziazioekin, "zer irteera mota izango dugun erabakiko dutelako, eta EBrekin negoziatuko dutelako zein hurbilekoa izango den gure harremana".

"Ipar Irlandaren eta Erresuma Batuaren artean sortuko den mugaren izaera urte honetan zehar adosten dugunaren araberakoa izango da. EBrekin alde handiak baditugu, muga hori zabalagoa izango da, kontrol puntu gehiago izango ditu, gauza gehiago ikuskatu beharko dira, eta muga zure aurpegian egongo da, sentituko duzu", esan du.

Aitzitik, "desadostasun gutxiago izanez gero, muga gutxiago egongo direla" esan du. Alde horretatik, negoziazioak oso zailak izango direla aurreikusi du, Boris Johnsonek onartu duelako Ipar Irlandako parlamentuak, edo Ipar Irlandako gobernuak, negoziazio mahaian egon beharko lukeela, ahotsa izan eta erabakitzeko.

Salgaien kontrolak

Merkantzien kontrolen auziari dagokionez, Boris Johnsonek Erresuma Batutik Ipar Irlandara doazen salgaien gaineko kontrolik ez dela egongo dioen arren, errealitatea bestelakoa da: "Muga ekonomiko bat egongo da Ipar Irlandaren eta Erresuma Batuko gainerako herrialdeen artean; Ipar Irlandako biztanleak Irlanda bateratu batean biziko dira, zentzu ekonomikoan".

Powellen arabera, "EBko parte direla sentituko dira, baina ez dute ahotsik izango EBn gertatzen den horretan, Dublingo gobernua izango baita Bruselan mahaian eserita egongo dena erabakiak hartzen, eta Ipar Irlandako biztanleek ezin diote botoa eman Dublingo gobernuari. Beraz, ez dute hitz egiteko eta botoa emateko eskubiderik izango beren ekonomiari dagozkion gauzei buruz ".

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;