Mundua -
Erresuma Batua
Estatu Islamikoak bere gain hartu du Londreseko igande honetako erasoa
Erasotzailea "Estatu Islamikoaren borrokalaria da", eta Sirian eta Iraken jihadisten aurka borrokatzen duen "nazioarteko koalizioko nazioen kontra egiteko deiei erantzuteko" jardun zuen.
Agentziak | Erredakzioa
Estatu Islamikoak, Amaq propagandako bere agentziaren bidez, bere gain hartu du igande honetan Londresen izandako erasoa; hiriko hegoaldean dagoen Streatham auzoan egin zuen erasoa gizon batek, eta gutxienez hiru lagun zauritu ziren. Erasotzailea "Estatu Islamikoaren borrokalaria da", eta Sirian eta Iraken jihadisten aurka borrokatzen duen "nazioarteko koalizioko nazioen kontra egiteko deiei erantzuteko" jardun zuen, Amaqek onlineko foro erradikaletan zabaldutako agiri labur batean esan duenez.
Foro horietan, talde erradikal horrek bere gain hartzen ditu mundu osoan egindako erasoak. Azkenaldian, baina, aldarrikapen horiek egun bateko edo gehiagoko atzerapenarekin iritsi ohi dira; bereziki, azaroan Europolek Estatu Islamikoarekin lotutako 26.000 web orri desegin zituenetik. Koordinatutako zibereraso batean egin zuten hori.
Egilea, duela astebete kartzelatik irten zen 20 urteko gazte bat
Igandean, Scotland Yardek "izaera terroristako gertaeratzat" jo zuen jazotakoa, eta "Islamekin lotura" zuela adierazi zuen, baina ez zuen erasotzailea identifikatu. Astelehen honetan, Londresko Polizia Metropolitarrak esan du atentatuaren egileak Sudesh Amman duela izena. Amman, 20 urtekoa bera, duela astebete irten zen kartzelatik, eta lehergailu faltsua omen zuen gorputzean; denda batean sartu zen, eta, ausaz, jendea sastakatzen hasi zen. Gerora, Poliziak hil zuen, tiroz.
Agintarien arabera, bi lagun zauritu ziren sastakatuta (horietako bat egoera kritikoan dago), eta beste batek maila txikiagoko zauriak izan zituen, agian polizia-operazioaren ondorioz zipriztindutako kristalen inpaktuagatik.
"Biktimetako bat ospitaleratuta dago, eta bizitza salbatzeko ari da borrokatzen"; beste batek "lesio arinagoak izan ditu, eta erasoaren tokian artatu dute, ospitalera eraman aurretik"; eta beste bat ospitaleratuta dago, baina ez dago larri, esan zuen igandean Londreseko Poliziak.
Estatu Islamikoak gehiagotan ere hartu izan du bere gain Londresen erasoren bat. Azaroan, adibidez, ustez talde horretako kidea zen gizon batek bi lagun hil zituen, labankadaz, eta beste bat zauritu zuen, Londreseko Zubitik oso gertu.