Mundua -

IRLANDAKO HAUTESKUNDEAK

Sinn Feinek bipartidismoa hautsi du Irlandan

Gainerako alderdiekin gobernua osatzeko elkarrizketak abiatuko dituztela iragarri du Mary Lou McDonald Sinn Feineko buruzagiak.

Mary Lou McDonald (Sinn Fein) garaipena ospatzen. Argazkia: EFE
Mary Lou McDonald (Sinn Fein) garaipena ospatzen. Argazkia: EFE
Mary Lou McDonald (Sinn Fein) garaipena ospatzen. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sinn Feinek irabazi ditu Irlandako hauteskundeak, Fine Gael eta Fianna Fail bi alderdi nagusiak gaindituta, nahiz eta alde txikiarekin izan.

Behin-behineko emaitzen arabera, Mary Lou McDonalden Sinn Feinek botoen % 23,94 lortu ditu, Fianna Failek bozen % 21,27 erdietsi ditu, eta Leo Varadkar lehen ministroaren Fine Gaelek, botoen % 21,08.

Atzetik, Alderdi Berdea (% 7,67), Alderdi Laborista (% 5,13), Alderdi Sozialdemokrata (% 3,1) eta Elkartasuna-Jendea Etekinen Aurretik (% 2,34), Irlandako komunikabideen aurreratu dutenez.

Horrela, 39 barrutietan banatu dituzten 65 eserlekuetako 29 Sinn Feinek bereganatu ditu, alderdi bozkatuena izan delako. Fine Gaelek hamabi eskuratu ditu, Fianna Failek hamaika eta Alderdi Berdeak lau ditu bermatuta. Gutxienez sei hautetsi independente izango dira Ganberan; Elkartasuna-Jendea Onuren Aurretik alderdiak bi aulki ditu, Alderdi Sozialdemokratak bat eta Alderdi Laboristak bat ere ez.

Larunbat gauean argitaratutako inkestak Sinn Fein, Fine Gael eta Fianna Fail alderdien arteko berdinketa iragarri zuen, bakoitzak botoen % 22 eskuratuko zituelakoan, baina aurreneko zenbaketak ikusita, badirudi Sinn Fein izango dela garaile.

Gobernua osatzeko elkarrizketak

McDonaldek dagoeneko esan du elkarrizketak abiatuko dituztela gainerako alderdiekin gobernua osatzeko. Fianna Failek ez du orain Sinn Feinekin akordioa lortzea baztertzen, baina Fine Gaelek erabat baztertu du aukera hori.

McDonaldek Alderdi Berdea, Alderdi Sozialdemokrata eta Elkartasuna-Jendea Etekinen Aurretik aipatu ditu balizko babesle gisa.

Sinn Feinek eserleku kopuruari eutsiko ziola uste zuen Gerry Adams buruzagi ohiak, baina alderdiaren arrakasta ez zuen inondik inora espero.

Micheal Martin Fianna Faileko buruzagia Sinn Feinekin eta Fine Gaelekin negoziatzeko prest agertu da. "Jendea entzuten duen demokrata naiz", esan du. Kanpainan, berriz, baztertu egin zuen McDonald edo Varadkar hautagaiekin inolako akordiorik adostea.

Azkenik, Leo Varadkar Fine Gaeleko buruzagiak erabat baztertu du Sinn Feinekin itunik bilatzeko aukera. "Behartutako ezkontza bat ez litzateke gobernu ona izango", azpimarratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Irlanda Hauteskundeak