Mundua -

Erresuma Batuan entzuketak

Rebekah Brooks, Murdochen konfiantzakoa, atxilotu dute

Legez kanpoko entzuketen inguruan sortu den polemikaren ostean, ostiralean utzi zuen News Internationaleko ordezkari moduan zuen kargua.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Rebekah Brooks, Ruphert Murdochen konfiantzazkoa, atxilotu dute gaur eguerdian "News of the World" egunkariak ustez legez kanpo egindako entzuketen harira, BBC telebista kate britainiarrak iragarri duenez.

Gogoratu behar da, Brooks Murdochen News International enpresan ordezkaria zela eta ostiralean dimisioa eman zuela.

Londresko Polizia Metropolitarraren (Scotland Yard) ordezkari batek esan duenez, identifikatu gabeko 43 urteko emakumezko bat, Brooksen adina, atxilotu dute gaur telefono entzuketekin ustelkeria eta konspirazio delitua egotzita.

Atxiloketa eguerdi aldera gertatu da atzo deklaratzera deitu zuten komisarian, eta momentuz zaintzapean jarraitzen du, Scontland Yardetik esan dutenez.

Erresuma Batuan Rupert Murdochen konfiantzakoa da Brooks eta uztailaren 19an Murdochekin eta bere semearekin batera deklaratzera joateko deitu dute, duela astebete "News of the World" egunkarian legez kanpoko entzuketen harira itxi zuten kasuarengatik.

Rebekah Brooksek aipatutako egunkaria zuzendu zuen 2000. urtetik 2003ko urtarrila bitartean, politikariei, famatuei eta jende arruntari legez kanpoko entzuketak egin zitzaizkion garaian, hain zuzen ere. Entzuketa horien helburua informazioa lortzea izango litzateke, nahiz eta inputatuek beti uko egin dioten akusazioari.

Brooksek gainera, ostiralean utzi zuen "bere borondatez" News Internacionalen zuen ordezkari kargua, Erresuma Batua astindu duten entzuketa kasuen harira begirada asko ari baitziren bere gain jartzen.

Gainerako atxilotuak eta dimisioak

Gaurkoa kasu honetan gertatzen den hamargarren atxiloketa da. Duela aste batzuk 2003 eta 2007 artean "News of the World" zuzendu zuen Andy Coulsen ere atxilotu zuten eta momentuz, urrira bitartean, baldintzapean aske dago.

2006an "News of the World" egunkariak informazioa lortzeko legez kanpoko entzuketak egiten zituela publiko egin zenetik, gero eta gehiago izan dira denbora honetan mahai gainean jarri diren "irregulartasun" kasuak.

Lehengo astean, esaterako, 2002an hil zuten Milly Dowler haurraren kasuari dagokionez, bere telefono mugikorrean legez kanpoko entzuketak egin zituela egunkariak argitaratu zen. Ordutik gainera, hainbat dimisio egun dira Brooksen kasuaz gain.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea