Mundua -
Informazio kontraesankorrak
Mubaraken abokatua: Egiptoko presidente ohia 'hiltzen ari da'
Apiriletik ospital batean dago ingresatuta galdeketa judizial batean bihotzekoa izan ondoren. Ospitaleko zuzendariak Mubarak koman egotea ezeztatu du.
Erredakzioa
Hosni Mubarak Egiptoko 83 urteko presidente ohia "hiltzen ari da" Farid el Dib bere abokatuaren hitzetan.
Hala ere, Egiptoko hedabideek informazio kontraesankorrak ematen ari dira eta Nile News katearen azken ordukoaren arabera, Sharm el Sheij ospitaleko zuzendariak ezeztatu egin du Mubarak koman egotea.
Agintari ohia ospitale horretan da iragan apirilaren 12tik. Egun horretan bihotzekoa izan zuen galdeketa judizial bat egiten ari zitzaionean.
Mubaraki badaezpadako atxiloketa ezarri zioten apirilaren 13an eta bere aurkako epaiketa abuztuaren 3rako aurreikusita dago.
Mubarak eta Alaa eta Gamal semeei botere-abusua, bidegabe aberastea eta urtarrilaren 25ean hasitako iraultzako manifestariak tirokatzea leporatzen diete. Iraultza horien ondorioz, Mubarakek boterea utzi behar izan zuen otsailaren 11n.